Mendipen babes ofizialeko 36 etxebizitza eraikitzeko proiektua idazteko kontratua esleitu du Irunvik

Irungo Udalak jakinarazi duenez, Irungo Etxebizitzarako Sozietate Publikoak (Irunvi) kontratu bat esleitu du, Mendipe eremuan alokairuko babes ofizialeko 36 etxebizitza eta horien eranskinak eraikitzeko obren oinarrizko proiektua, exekuzio-proiektua eta zuzendaritza fakultatiboa idazteko. Kontratuaren zenbatekoa 170.000 euro da, BEZa barne, eta Viejo Camino Real ABEEari esleitu zaio.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “Irun eremu tentsionatu izendatuta, Udalak onartu du arazo bat dagoela etxebizitzarako sarbidean, eta lehen pertsonan erantzun nahi diogu horri, Udalak dituen baliabide guztiak erabilita, arazoa konpontzeko”. Alkateak adierazi duenez, etxebizitza bat lortzea ezinbestekoa da bizi-proiektu bati ekiteko, hala norbanakoentzat nola familientzat, herritar guztien eskubide bat da, azken batean. “Urtearen lehen hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak gai hori ebaztea espero dugu”, erantsi du alkateak.

Mendipeko proiektuari dagokionez, Cristina Labordak azaldu du, “herritarrei etxebizitza bat eskuratzeko aukera emango dien konponbideak eskaintzeko bidean, Mendipe eremuko esleipen honek etorkizunean jartzen du begirada, eta urrats bat da irundarrei konponbideak eskaintzen jarraitzeko”, gaineratu du alkateak.

Eremu tentsionatu izendatzeko esperoan

Tokiko gobernu-batzarrak iragan urrian onartu zuen udalerri osoa eremu tentsionatu izendatzea, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailari igorri zitzaizkion txosten-diagnostikoa, ekintza-plana eta justifikazio-memoria.

Eusko Jaurlaritzak deklarazio hori 2025eko lehen hiruhilekoan ebaztea espero da. Orduan, eremu tentsionatuaren deklarazioaren proposamena abiarazteko agindua emango da, eta jendaurrean jarriko da hogei egunez, gutxienez, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude