Nerea Ansa ile-apaindegiak irabazi du Sanmartzialetako XXXIV. Erakusleiho Lehiaketa

Irungo txiki-merkataritzak beste urte batez erakutsi du Sanpedro eta Sanmartzial jaiekin duen konpromiso estua, jada tradizio den Erakusleiho Lehiaketaren XXXIV. edizioan aktiboki parte hartuz. Mugan Irungo Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak antolatutako ekimen honetan 37 dendak eman dute izena, hiriko kaleak kolorez, tradizioz eta jai-giroz betetzeko asmoz. Saltoki bakoitzak sormen, ilusio eta esfortzu handia jarri du bere erakustokiak Alardean eta Irungo historian oinarritutako motiboekin apaintzeko, herritar zein bisitariei ibilbide komertzial eta kultural erakargarria eskainiz.

Aurten, lehen saria Joaquín Gamón kaleko Nerea Ansa ile-apaindegiak eskuratu du, jatorrizko ofizioa eta herriko sentimendua ezin hobeto uztartu dituen proposamen bati esker. Saltoki honek San Juan plazako Alardearen “Descarga” edo salba-tiraldia irudikatu du zehaztasun harrigarriz. Konposizioaren erdigunean Irungo Udaletxearen eskuz egindako kartoizko maketa handi bat kokatu dute, baina berrikuntzarik handiena euren lanbideari egindako keinuan datza: dozenaka txapela gorri erabili dituzte soldaduen formazioa irudikatzeko eta ile-apaindegiko berezko materialekin osatu dituzte eskopeten kanoiak. Gainera, efektu errealista eta hunkigarria lortzeko, kea darion benetako kartutxoak erabili dituzte une zehatza emulatzeko.

Bigarren saria Eliza kaleko Merakia ile-apaindegiari egokitu zaio. Ireki berria den saltoki honek herriko oroimen kolektiboari eta jai-sustraiei omenaldi polita egin die, indar bisual handiko txoko bat sortuz. Sunez osatutako egitura baten bidez, argazki historikoak, txapela gorriak, abanikoak eta zapiak zintzilikatu dituzte, zur puskekin batera, Sanmartzialetako kolore nagusiak (gorria, zuria eta beltza) protagonista bihurtuz. Hirugarren postuan, berriz, Errepublika Argentina kaleko Muebles Minka kokatu da. Eduardo eta Albertok etxeko txoko jai-zale bat birsortu dute terrazako altzariekin eta sagardoz betetako hozkailu gorri batekin, Real Unióneko kantineraren banda, fusila, alpargatak eta Junkaleko elizaren irudi emozionalak ezin hobeto integratuz.

Palmaresa Serapio Múgica kaleko Pescadería Félixek itxi du, laugarren saria lortuz. Urtero hutsik egiten ez duen eta lehiaketako parte-hartzaile fidelenetakoa den arrandegi honek 2026ko jaien kartel ofiziala birsortu du aurten. Horretarako, cartonpluma eta 3D inprimagailu bidez diseinatutako piezak erabili dituzte, jantziak zintzilik dituen perchero ikonikoa eta Irungo banderaren tipografia zehaztasun handiz irudikatuz. Mugan elkarteak bere esker ona eta zorionak helarazi nahi izan dizkie parte hartu duten 37 saltokiei, euren lan eta dedikazioarekin jai-giroa hiriko txoko guztietara zabaltzen laguntzeagatik eta tokiko merkataritzak Irungo bizitza sozialean duen balio handia agerian uzteagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude