
“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikar elkarteak sortu zenetik 20 urte bete dituela ospatzeko hainbat jarduera prestatu ditu. Elkartearen bi hamarkada hauek ilusioz, lanaz eta borrokaz beteta egon dira, eta horiek gogoratzeko eta errepublikar balioak sustatzeko helburuarekin dator egitarau zabala.
Erakusketa
Datorren astean hasiko dira ospakizun ekintzak Irunen. Lehenik, urriaren 22tik 29ra bitartean, “20 urteko ilusioa, lana eta borroka” izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Palmera-Montero gunean. Erakusketa honek, Elkarteak bere historian zehar antolatutako erakusketa guztien bilduma txiki bat eskainiko du.
Pedro Barrusoren hitzaldia
Bestalde, urriaren 24an, ostirala, hitzaldi garrantzitsu bat izango da. Pedro Barruso adituak “20 años después. Hitzaldia,19:00etan Palmera-Montero Gunean izango da. Memoria berreskuratzean egin diren aurrerapenak eta egiteke dauden zereginak” gaia landuko du.Alde batetik, memoria berreskuratzeko prozesua aztertuko du, 2000. urtetik hasita 2007ko Memoria Historikoaren Legea eta ondorengo Memoria Demokratikoaren Legea aztertu arte, bien gabeziak eta aurrerapenak seinalatuz. Bestetik, Gipuzkoako ekimen memorialistikoak hartuko ditu hizpide, arreta berezia Bidasoa inguruan jarriz, amaitzeko gaur egungo memoria politikek dituzten erronka eta zailtasunei buruzko hausnarketa batekin.
Pikoketako omenaldia
Azkenik, urriaren 26an, urteroko hitzordu finkoa betez, omenaldi ekitaldia egingo da Pikoketan. Omenaldi honek 1936ko abuztuaren 11n demokraziaren alde Pikoketan bizia galdu zutenak ohoratuko ditu. Ekitaldia 12:30ean izango da, ohiko musika, txalaparta eta lore eskaintzarekin. Ostean, bazkaria egingo da Pikoketa jatetxean.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurrerago aurreikusitako beste jarduera batzuen berri emango dute.