Oiasso Museoak 14.620 bisitari izan ditu apirila eta iraila bitartean; bisitariak 5.697 izan ziren 2024an. Hau da, terma erromatarrak inauguratu zirenetik museoak ia hirukoiztu egin du bisitarien kopurua. Museoak ekintzez beteriko agenda proposatzen du urri zein azarorako.
Bisitarien eta erabiltzaileen datua, guztira (Dies Oiassonis Jaialdi Erromatarra, erakusketak, ikastaroak, etab.), are handiagoa da, izan ere zenbateko hori 25.151 pertsonakoa da joan den apiriletik hona, % 35 gehiago (6. 523 pertsona gehiago) iazko epe berarekin alderatuta. Sei hilabeteko epe horretan, erromatarren termak bezalako ondare historikoa herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko berreskuratzeak izan duen arrakasta berresten du datu horrek.
Zifra historiko horien berri eman dute gaur Nuria Alzaga jarduneko alkate eta Kultura ordezkariak eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendariak. Biek ere balorazio oso positiboa egin dute museo honek kultura eta turismo alorrean izan duen erakargarritasunari buruz. Izan ere, dagoeneko erabateko erreferentzia da lurralde mailan, eta kopuru handi bat erakartzea lortu du baita ere tokiko publikoaren artean. Sei hilabete hauetan museoa bisitatu duten irundarren kopurua % 61 handiagoa da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta horrek argi uzten du terma erromatarren musealizazioa udalerriko bizilagunek bereziki espero zuten proiektua zela.
Nuria Alzaga ordezkariaren hitzetan, “argi dago Udalak gure ondare historiko eta kulturala ezagutzera emateko egin duen apustua arrakastatsua izan dela”. Kultura ordezkariak azaldu du herritarrak museoarekin konektatu direla, batez ere etxekoak, eta, horretarako, erromatarren termak pizgarri izan dira Oiasso Museoarentzat. “Izan ere, Oiasso Museoa jada goranzko bidean zetorren, eta orain inoiz baino indar sozial handiagoa erakusten du, hirian kultura bultzatzen jarraitzeko motibazioa ematen diguten zenbakiak erakusten ari delako, adibidez, Irugurutzerako meatze ingurua birgaitzeko asmoa dago, zeina datorren urtean iritsiko den, Irunek ondare eta kultura alorrean duen eskaintza zabalari gehituz”, erantsi du Alzagak.
Era berean, udako guztizko emaitzei dagokienez, ekainetik irailera bitartean, Dies Oiassonis Jaialdi Erromatarraren XV. Edizioan izan zen jendetza barne, kopurua 16.318 pertsonakoa izan da, % 34 gehiago (4.121 pertsona gehiago) aurreko urtean baino, garai berdinean. Bisita gidatuei eta tailerrei dagokienez, ekintza horiek 3.680 pertsona erakarri dituzte azken sei hilabeteetan.
Udako erdiko hilabeteetan (uztaila eta abuztua) bisitari gehienak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak izan ziren ( % 57); apiriletik irailera bitartean, aldiz, bisitarien eta erabiltzaileen % 75,8 Euskal Autonomia Erkidegotik eta Nafarroatik etorritakoak izan dira, hau da, hiru bisitaritik bat irundarra izan da, eta guztiaren ia bi heren gipuzkoarrak.
Azkenik, azpimarratzekoa da Oiasso Museoaren webgunearen erabiltzaile kopuruak gora egin duela; izan ere, apirila eta iraila bitartean 62.000 bisita baino gehiago izan dira, egunean batez beste 356, hau da, iazko batez bestekoa baino % 60 gehiago.
Museoko ekitaldi nagusiak urrirako eta azarorako
Prentsaurrekoan, Oiasso Museoan urrian eta azaroan izango diren ekitaldi garrantzitsuenen berri ere eman da: Ondarearen Europako Jardunaldiak, Aniztasunaren Gala eta Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiaren (FICAB) 25. edizioa.
Ondarearen Europako Jardunaldiak
Urriaren 2tik 23ra, Oiasso Museoak bat egiten du Europako Kontseiluak abian jarritako ekimen honekin, ondareari balioa emateko, herritarrei hurbiltzeko eta ondarea kontserbatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. Horretarako, museoak jarduera-programa zabala prestatu du jardunaldi horien barruan. Besteak beste, Oiassoko terma erromatarretara bisita gidatuak, eskualdeko aztarna erromatarraz ikasteko tailerrak eta museoaren barruan ihes gela bat egingo dira.
Aniztasunaren Gala
Oiasso Museoak Aniztasunaren Galaren bosgarren edizioa hartuko du datorren urriaren 17an, inklusioaren eta sormenaren benetako festa gisa finkatu den ekitaldia, hain zuzen. Bertan, artearen, dantzaren eta musikaren bidez, aniztasunak gizartea eraldatzeko motor gisa duen balioa aldarrikatzen duten hainbat diziplinatako artistak eta kolektiboak bilduko dira. Aurtengo edizioan, Ezezagunok Antzerki Taldearen indar eszenikoaz, Uikan eta Verdini Dantza Taldearen talentuaz, Jakes Txapartegi eta Simon Ezquiagaren musikaz eta Iñaki Salvadorren musika zuzendaritzaz gozatu ahal izango du publikoak.
Gainera, Emma Larreta aktoreak gidatuko du gala, eta kontalari gorren talde baten parte-hartze berezia izango du, Agisas elkartearen lankidetzari esker. Halaber, zeinu-hizkuntzako interpretea izango du, ikuskizuna ez ezik, pertsona guztien gaitasunak agerian uzten dituen topaketa ere izan nahi duen ekitaldiaren irisgarritasuna bermatzeko, izan ere, edizioz edizio, ikusle kopurua eta aitortza handituz joan den ekitaldia da.
Historia eta Zientzia zikloa: ‘One Health’
Historia eta osasun zientziak uztartzen dituen ekimen honen hirugarren edizioa, Oiasso Museoaren eta Biogipuzkoaren eskutik. Hitzaldi-ziklo hau urriaren 22an, 23an eta 24an egingo da, eta bertan historialarien, arkeologoen eta osasun-zientzialarien arteko solasaldiak izango dira. Gaur egungo eta beste garai historiko batzuetako egoerak alderatuko dira osasunarekin lotutako hainbat gairen inguruan.
Aurten ‘One Health’ kontzeptua aintzat hartu da, ingurumenaren zaintza, animalien osasuna eta gizakien osasuna batzen dituen ikuspegia. Hitzaldi zikloaz gain, gai honi buruzko erakusketa txiki bat egongo da, negura arte luzatuko dena.
Dendrokronologiari buruzko hitzaldia
Josue Susperregiren eskutik, Arkeolan Fundazioko Dendrocronologia Laborategiko arduraduna eta Utrechteko (Holanda) Unibertsitateko doktorea, Oiasso Museoak dendrokronologiari buruzko hitzaldi hau hartuko du azaroaren 5ean. Zuhaitzen hazkunde-eraztunak aztertzen dituen zientzia da, eta iraganeko eguraldia, klima eta beste ingurumen eta ekologiako gorabehera batzuk datatzeko eta aztertzeko zientzia, hain zuzen.
FICAB
Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiak (FICAB) 25. edizioarekin batera zilarrezko ezteiak ospatuko ditu azaroaren 10etik 15era bitartean. Data biribila, urtez urte eskualdean eta lurraldean sendotuz joan den jaialdiarentzat, gaur egun den horretara, erreferente izateraino, iritsi arte. Urteroko hitzordu horretan, dokumental historiko eta arkeologikoetan espezializatutako ekoizle ospetsuenetatik hasi eta ikerketa arkeologikoaren kalitateak babestutako ekoizpen txikietaraino biltzen dira.