Ekoetxea Txingudik “Txingudiko Udalekuak” antolatu ditu aurtengo udararako

Ekoetxea Txingudik aurten ere “Txingudiko Udalekuak” eskainiko ditu uztailean eta abuztuan zehar. Udalekuak Plaiaundiko Parke Ekologikoan garatuko dira, hegazti migratzaileen babesleku gisa balio duen leku aparta, eta, gaur egun, nazioartean balio naturalistiko garrantzitsua duen gunea, leku aproposa beraz, haurrek ingurumenari buruz ikasteko eta kontzientzia ekologikoa garatzeko.

Parte-hartzaileek beren gain hartuko dituzte esploratzaile, babesle eta ekintzaileen rolak. Ingurumen-ezagutzak eta -balioak barneratzeko esperientzia-metodologian oinarritutako dinamika eta jolasetan parte hartuko dute; klima-aldaketaren aurkako borrokan Txingudiko padurek duten garrantzia ulertuz.

Udalekuak, Txingudi eskualdeko 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta daude. Txandek astebeteko iraupena dute, normalean astelehenetik ostiralera, uztaileko lehen txanda izan ezik, lau egunekoa izango delarik, 09:30etik 13:30era bitarteko ordutegia izango dutelarik. Guztira sei txanda eginen dira, hiru uztailean eta beste hiru txanda abuztuan. Lehena uztailaren 2an hasiko da eta amaiera abuztuaren 30ean izango du. Txanda bakoitzak 10 parte-hartzaile eta hezitzaile bat izango ditu gehienez. Hortaz gain, parte-hartzaile bakoitzak gehienez 3 txandetan izena eman dezake eta txandarik errepikatu gabe.

Txandak

UZTAILA 1. Txanda: uztailaren 2tik, asteartea, uztailaren 5era, ostirala. 2. Txanda: uztailaren 8tik, astelehena, uztailaren 12ra ostirala. 3. Txanda: uztailaren 15etik, astelehena, uztailaren 19ra, ostirala.

ABUZTUA 1. Txanda: uztuaren 5etik, astelehena, abuztuaren 9ra, ostirala. 2. Txanda: abuztuaren 19tik, astelehena, abuztuaren 23ra, ostirala. 3. Txanda abuztuaren 26tik, astelehena, abuztuaren 30era ostirala.

Horrela, uztailaren 25eko eta 30eko asteetan eta abuztuaren 15eko astean ez da udalekurik izango.

Udalekuaren prezioa 20 € asteko/parte-hartzaileko izango da eta izena emateko webgunearen bitartez egingo da.

Ekoetxea Txingudi

Ekoetxea Txingudi Irungo Plaiaundi Parke Ekologikoan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sareko kide da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du. Gure helburua da pertsonen pentsatzeko eta jarduteko modua aldatzea, modu jasangarriagoan egin dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude