Osasun Bidasoa plataformak herritarrak berriro mobilizatzera deitu ditu, galdutako osasun zerbituak berreskuratzeko

Osasun Bidasoa plataformak eskualdeak azken urteetan galdutako osasun zerbitzuak berreskuratzeko borrokan jarraitzen du. Horregatik, plataformak, pediatriako larrialdien itxierak eta haur eta gazteen psikiatriaren prekaritateak kaltetutakoekin batera 4 elkarretaratze antolatu  ditu. Mobilizazioak eskualdeko osasun zentroetan egingo dira, asteazken eguerdietan, 10 minutuko iraupenarekin.

2025eko apirilaren 13an Hospital Bidasoa-ko pediatriako larrialdiak itxi ziren. Osasun Bidasoa Plataformak salatu du ez dela hobetu agindu zen arreta pediatrikoa. Osasun-zentroetako pediatren kopurua 12tik 11ra murriztu da. Ospitalean artatzen zen pediatriako kupoa kendu zen, eta hilabete luzez ez zitzaien pediatrarik esleitu kaltetutako familiei. Arratsalde batzuetan 17:00ak arteko arreta eskaintzen da, baina ez egunero eta ez hiru anbulategietan. Hilabete askotan pediatraren plaza asko bete gabe egon dira; ondorioz, larrialdiak soilik artatu dira eta ez dira berrikuspen programatuak egin. 24 orduz eta astean 7 egunez pediatraren arreta izatetik, eguneko 9 ordura eta astean 5 egunera igaro gara. Irun Centroko larrialdietan ez dago pediatrarik. Familiek Hospital Donostia-ra jo behar dute pediatra batek artatu ditzan.

Bestetik, plataformak salatu du haurren eta gazteen Osasun Mentaleko arreta oso prekarioa izaten jarraitzen duela. Psikiatra bat berreskuratu da, baina erizain bat galdu da. Ez da agindutako bigarren psikiatra kontratatu; ez dago koordinaziorik hezkuntza-zentroekin, eta arreta ematen den instalazioek egiturazko gabezia handiak dituzte (intsonorizaziorik eza, helduek eta haurrek partekatzen duten itxaron-gela, etab.).

Baina ez da pediatriaren kontua soilik. Urologia-zerbitzuak ez du espezialista propioekin funtzionatzen 2022tik; tarteka beste ospitale batzuetako urologoek artatzen dituzte pazienteak, baina ez dira ebakuntza kirurgikoak egiten Bidasoa Ospitalean. Helduen Osasun Mentalaren arretak urteetako gabeziak ditu; psikiatria eta psikologiako profesionalen kopurua ez da nahikoa. Minaren Unitatea noizean behin bakarrik dabil, eta itxaron-zerrendak “onartezinak” dira.

Ospitaleko espezialista batek artatua izateko edo familia-medikuak eskatutako proba diagnostikoak egiteko itxaron-zerrendak ez dira batere hobetu. Osakidetza-k bere profesionalei emandako azken datuen arabera, Traumatologiako lehen kontsultarako 178 eguneko itxaronaldia dago; Errehabilitaziorako 118 egun; Otorrinolaringologiarako 95 egun; Kirurgia Orokorrerako 91 egun; Dermatologiarako 86 egun; Digestiborako 72 egun; Oftalmologiarako 70 egun; eta Ginekologiarako 61 egun. Osakidetzak dio 2025 amaieran, oro har, kontsultetarako itxaronaldia 56 egunekoa zela. Bidasoan, ordea, batez besteko hori nabarmen gainditzen da espezialitate gehienetan. Ekografietarako eta beste proba diagnostiko batzuetarako itxaronaldia ezezaguna da, eta aldian-aldian zerbitzu pribatuetara bideratzen dira.

Plataformak salatu du, “egoera hau Osakidetza-ren kudeaketa historikoki txarraren ondorioa dela”. 2025eko abuztuan gerentzia berritu zen, baina ez zuzendaritza-taldeko gainerako kideak, gaur egungo egoera larriaren arduradun zuzenak.

Ebakuntza gelen obren hasiera

Duela gutxi ebakuntza-gela berrien obrak hasi dira. Horrek ohe-itxierak eta paziente, ekipamendu eta profesionalen etengabeko lekualdaketak ekarri ditu. Osasun Bidasoak lehenago salatu zuen bezala, martxan dagoen ospitale baten barruan 3 urtez obrak egitea ez da irtenbide egokia. Eraikin erantsia eraikitzea (Hospital de Zumarraga-n eta Hospital de Arrasate-n egiten ari diren bezala) aukera hobea izango zen. Ulertezina da profesionalen eta pazienteen interesentzat kaltegarriena den aukera hautatu izana. Eskualdean agindutako gainerako inbertsioak bete gabe jarraitzen dute. Irun Erdialdeko anbulategiak 2020ko uztailetik atzeko patioan jarritako barrakoiekin jarraitzen du. Ez dago berririk Udalak lagatako Alarde kaleko lokalen egokitze-lanei buruz. Oinaurreko anbulategia eraikitzeko proiektua ez dirudi aurrera doanik. Ez dago berririk egungo Irun Erdialdeko anbulategiaren etorkizunaz eta Bidasoa Institutuko patioan birkokatzeko aukeraz.

Mobilizaziorako deia

Horregatik guztiagatik, Osasun Bidasoak, pediatriako larrialdien itxierak eta haur eta gazteen psikiatriaren prekaritateak kaltetutakoekin batera, Irun, Hondarribia, Bortziriak eta Iparraldeko herritarrak eta osasun-profesionalak martxoan deitutako elkarretaratzeetara etortzera dei egiten ditu. Elkarretaratzeek 10 minutuko iraupena izango dute.

Guztira, 4 elkarretaratze egingo dira martxoan zehar. Lehena, martxoaren 4an, asteazkena, 14:00etan, Irun Erdialdeko anbulatorioan. Bigarrena, martxoaren 11n, asteazkenean, 14:00etan, Dunboan. Hirugarrena, martxoaren 18an, asteazkenean, 14:00etan, Hondarribian. Laugarrena, martxoaren 25ean, asteazkenean, 14:00etan, Irungo Osasun Mentaleko zerbitzuan.

Mobilizazio hauekin salatu nahi da Bidasoan osasun zerbitzu publikoen murrizketarekin amaitu nahi dela. Era berean Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak berreskuratu nahi dira eta urologiako kontsultak eta minaren unitatea ere. Haur, gazteen eta helduen osasun mentalaren arreta indartzea eskatu nahi da. Bestetik, osasun zentroetan familia mediku eta pediatren hornidura egokia ziurtatua egotea. Era berean, itxaron-zerrendak murriztearen alde egin nahi da. Bidasoako ESIko zuzendaritza-taldearen berritze zabala eskatuko da. Orokorrean, eskualdeak zeuzkan eta merezi dituen zerbitzuak berreskuratzearen alde egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude