Osasun Bidasoa plataformak elkarretaratzea deitu du larunbaterako Irungo San Juan plazan

Osasun Bidasoa plataformak elkarretaratzea deitu du larunbaterako, martxoaren 4rako. Elkarretaratzea arratsaldeko 18:00etan egingo da San Juan plazan. Elkarretaratzearen bitartez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osasunbideak Bidasoa Eskualdean eta Bortzirietan Osasun Publikoak dituen premiazko premiei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen dutela salatu nahi dute. Plataformak herritarrei dei egin die mobilizazioan parte hartuz konponbideak eskatzeko.

2022ko apirilean eskualdeko ospitaleko ebakuntza-gelak urte eta erdiz ixtea eta Donostiako Onkologikora eramatea aurreikusita zegoen. Profesionalek eta herritarrek borroka gogorra egin ondoren, Osasun Bidasoa Plataformaren bidez, proiektu hori geldiarazi egin zen. Orduan sailburuak proiektu berriaren etapak garatzeko profesionalak, erakundeak eta herritarrak kontuan hartuko zituelaren konpromisoa hartu zuen. Osasun Bidasoa plataformatik salatzen dutenez gaur egun oraindik ez da konpromiso hori bete. Gainera, duela gutxi iragarri da laster bloke kirurgikoko obrak lizitatuko direla, herritarrek eta profesionalek oraindik lanen inguruko informaziorik jaso ez duten bitartean.

Plataformatik proiektu hori osasun-langileen eta herritarren parte-hartzearekin egitea eskatu dute. Era berean, eraikin erantsi bat eraikitzeko aukera kontuan hartu dadila, “ospitalean hain beharrezkoak diren arreta-guneak zabaltzeko aukera emango lukeena”.

Hirugarren anbulatorioa

2015. urteaz geroztik, Osakidetzak eskatuta, Oinaurren partzela bat erreserbaturik dago Irunen hirugarren anbulatorioa eraikitzeko. Izan ere, Dunboako eta Erdialdeko anbulatorioetan leku nahikorik ez dagoenez, kalitatezko arreta ematea ezinezkoa da. Osasun Bidasoa plataformak salatu du 2020tik barrakoietan ematen ari den arreta ez dela konpondu gabeko arazoarentzako irtenbide egokia. Gainera, plataformak zabaldutako deialdian irakur daitekeenez, “egungo arazo larriak ezin du 10 urte baino gehiago itxaron, oraindik urbanizatu gabeko eremu batean anbulatorio handi bat eraikiko ote dutelakoan.

Oinaurren hirugarren anbulatorioa eraikitzeko proiektua martxan jartzen den bitartean, plataformatik eskatu dute Erdialdeko eta Dunboako anbulatorioetan kontsulta-guneak berehala zabaltzeko irtenbideak bilatzea.

Profesional falta eta gehiegizko itxaron-zerrendak

Bortzirietako familia-medikuen eta pediatren faltak erakusten du lehen mailako arretako oinarrizko premiak bete gabe daudela. Gainera, gero eta itxaron-zerrenda handiagoak daude espezialista batekin hitzordua hartzeko edo diagnostiko-proba bat egiteko, eta horrek modu kezkagarrian kaltetzen du Bidasoako osasun-arreta. Plataformak eskatzen du Bortzirietako, Irungo eta Hondarribiko biztanleei kalitatezko osasun-zerbitzua ematea. Hain zuzen ere, esaldi honekin amaitu dute larunbateko kontzentraziorako deialdia: “eskualdean kalitatezko osasun publikoa defendatzeagatik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude