Irungo Udalak jakinarazi du Real Unión ibilbideko pantalana berritzeko eta ingurua garbitzeko lanak egingo direla. Alde batetik, pantalana bera konpondu eta handituko da. Bestetik, inguruko lohiak garbituko dira, punpaketa bidez. Bi jarduketek, batera, 250.000 eurotik gorako aurrekontua dute.
Borja Olazabal Kiroletako ordezkariaren hitzetan, “obrak hauek hobekuntzak ekarriko ditu Santiagotarrak KEari, beraiek egindako hobekuntza eskaerei erantzunez”. Kirol ordezkariak adierazi duenez, “klub historikoa da, eta azpiegitura segurua eta eguneratua behar dute eguneroko beren piraguismo eta arraun jarduerei kalterik ez egiteko baita, noski, lan horiek guztiak segurtasunez egin ahal izateko”.
Gorka Alvarez Obrak, Mantentzea eta Azpiegituretako ordezkariak azpimarratu duenez, “jardun hori garrantzitsua da Bidasoa ibaiaren erriberan, denboraren poderioz korronteek eta mareek ekarritako sedimentuak eta materialak metatzen baititu”. Alvarezek azaldu duenez, “Kirol-instalazioak kontserbatzeko beharrezko esku-hartzea da eta aldian-aldian egin behar den mantentze-lana da honen kontserbazio eta erabilera egokirako”.
Azken esku-hartzetik bederatzi urte igaro dira dagoeneko, eta ibaiadarreko itsasaldien ondorioz jalkinak berriz metatu dira pantalanean eta inguruan. Hori dela eta, pantalana hondartuta geratzen da itsasbeheran, enborrak eta adarrak pilatu dira haren azpian eta, zingoa txikitu denez, piraguismo eta arraun jarduerak asko mugatu dira.
Aurreikusitako jarduerak
Ingurua hobetzeko, jarduera hauek aurreikusi dira. Batetik, pantalana desmuntatzea, pantalanaren zortzi moduluak lehorreratu, garbitu, konpondu eta margotzeko. Bestetik, pantalanaren inguruan pilatutako lohiak punpatzea 960 m2-ko eremuan. Azkenik konpondutako eta bi modulu gehiagorekin handitutako pantalanaren egitura muntatzea, egungo kokalekua baino beherago.



