Real Unión klubak jakinarazi du abonatuen kanpaina berria ostegun honetan, abuztuaren 21an, hasiko dela. Abonuak bi modutan berritu eta eskuratu ahal izango dira: online edo aurrez aurre RUC gunean. Gainera, bazkide berriak erakartzeko asmoz, klubak abonatuei kamisetak oparitzeko kanpaina abiatu du.
Izen ematea online egin nahi dutenek webguneko esteka jarraitu beharko dute. Aurrez aurre egitea nahiago dutenak RUC gunera gerturatu beharko dira astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara edo astearte eta ostegunetan: 16:00etatik 18:00etara.
Era berean, kontu helbideratua duten abonatuek epe hori baliatu ahal izango dute banku-datuak eguneratzeko edo aldatzeko. Berritzeari dagokion kobrantza iraileko lehen astean egingo da.
Ekipazioa opari
Berrikuntza gisa, “Pasión Txuribeltz” eta “1902 Hego Harmaila” kategorietako abonatuek denboraldiko lehen ekipazio ofiziala doan jasoko dute. Horretarako, ezinbestekoa izango da berritzea edo alta berria emateko unean kamisetaren neurria adieraztea. Kamiseta hori 40 eta 65 egun arteko epean emango da, ordainketa formalizatzen denetik aurrera.



