Sagarrak sagardo bihurtzeko bidean daude

Urtarrilean sagardo denboraldi berria hastearekin batera, jendea tropelean itzultzen da sagardotegira. Hala ere, orduan dena prest egon dadin, beharrezkoa da aurretik lanak aurreratzea eta zeregin guztiekin konplitzea. Sagastien loraldiaren ostean, sagar bilketarekin hasten da sagardo berria ekoizteko prozesua. Ola sagardotegiko Iñaki Bengoetxeak urte amaierak dakartzan egitekoak nola antolatzen dituzten azaldu du.

Noiz hasi ohi zarete sagarrak biltzen?

Sagarrak biltzen hasteko Santa Krutzak dira gure erreferentzia. Irailaren 14an ospatzen da Santa Krutz eguna, beraz, horren osteko asteburuan hasi ohi gara jada zukuak egiten. Egiten dugun lehen gauza, lurrera eroritakoak biltzea da eta gero astintzen hasten gara. Aurten adibidez, urria hasieran oraindik ez gara sagarrak astintzen hasi, loraldia oso ezberdin etorri zelako. Beraz, sagarrak lasai heldu direnez, nahiago izan dut denbora gehiagoz zuhaitzean uztea azukrea irabaz dezaten. Aurten patxadaz bilduko ditut, beraz.

Sagar askoko uzta izan da aurtengoa?

Sagarrak aurten mantso datoz, desberdin. Esan dudan bezala, barietate askori azukrea falta zaie, beraz, pixkanaka biltzea erabaki dugu, nahiz eta urriaren amaierara arte aritu sagarrak biltzen. Beste sagardo ekoizle batzuek nahiago izaten dute lehenbailehen sagarrak biltzen amaitzea. Nik ordea, beti kontrako filosofia erabili izan dut, sagarrak behar duen goxotasuna hartu dezan. Pixkanaka sailka errepasoak egiten ari gara, eroritakoak biltzeko eta uste dugu datozen egunetako haizeak sagarrak botatzen lagunduko duela.

Eguraldiak guztiz baldintzatzen ditu sagar ekoizpena eta bilketa, ezta?

Dena batera batzea ezinezkoa da. Sagastiak apirilaren erdialderako hasi ziren loratzen. Maiatza osoa loretan pasa zuten zuhaitzek eta uztaila hasieran lore txiki dezente geratzen ziren oraindik. Beraz, loraldia ezberdina izan zenez, horrek eragin du sagarren artean hilabete bateko aldea egotea. Batzuk jada mizpira eginak zeudenerako, beste batzuk loretan zeuden oraindik eta desberdintasun hori zuhaitzean nabaritzen da orain.

“Teknologiaz ahal dugun guztia laguntzen saiatzen gara, baina eskuz egin beharreko lursail asko ditugu hemen, malda asko dituztelako”

Iñaki Bengoetxea, Ola Sagardotegia

Nola egiten duzue sagarren bilketa?

Teknologiaz ahal dugun guztia laguntzen saiatzen gara, baina eskuz egin beharreko lursail asko ditugu hemen, malda asko dituztelako. Ahal denetan sarea eta bilgailua erabiltzen saiatzen gara eta ea noiz dugun astintzeko erabiltzen ditugunak hobetzeko aukera. Gure lanean teknologia txertatzen joan nahi dugu, lana errazten joateko eta lehiakorrak izan ahal izateko. Baina, Gipuzkoako geografiak ez digu horretan laguntzen, gune zabalen ordez, malda asko dagoelako.

Aurten zein sagar barietaterekin lan egingo duzue?

Sagardoa barietateka egiten dugu eta aurten ere badut ilusioa gutxienez sagardo monobarietalaren kupel bat egiteko. Joan den urtean bi egin genituen, bata hiru barietatekoa eta bestea bikoa. Jendea oso gustura dago emaitzarekin, baita ni ere. Beraz, datorren urtean aurten egindako besteren bat egongo dela imajinatzen dut. Nire ustez ondo dago horrelako gauzak egitea.

Behin sagarra bilduta, zeintzuk dira eman beharreko hurrengo pausoak?

Ondoren datozen eginbeharrak ahalik eta hoberen antolatzen saiatzen gara. Eguraldiak ere lagundu behar digu, baserritarren betiko negarra dena, beti ez baitu guk nahi duguna egiten. Sagarrak bildu ostean, jo egin behar dira era horiek izango dira hurrengo egiteko handiak. Gero kupelen tenperatura zaindu behar da zukua kontrolatzeko, baina gaur egun ontzi teknologiko hobeak ditugunez, hermetikoak izateaz ginera, dena neurtzea errazagoa da. Teknologiaren berrikuntza horiek lanak errazteaz gainera, ardoa bezala, sagardoa denbora luzeagoz kupeletan izateko aukera emango dute.

Sagardo denboraldia hasi aurretik, bestelako ekitaldiak ere antolatzen dituzue. Urrian Sagar Egunaren 22. edizioa ospatu zenuten, ezta?

Bai eta dena oso ondo atera zen gainera. Lehen arratsaldez egiten genuen. Oraingoan igande eguerdian egin dugu eta jende asko mendi buelta bat egin ostean hurbildu zen. Jendea gustura ibili zen pintxo, muztio eta sagardo artean. Umeentzako tailerrak antolatu genituen, sagarrak pisoiekin lehertu eta zukua zuzenean probatzeko emanez. Kizkiarekin sagarrak biltzen ikasi zuten, beraz, oso ondo pasa zuten, eta baita guk ere, entretenimendua izan baikenuen haiek ikusiz.

Jendeak horrelako ekitaldiak eskertuko ditu noski.

Bai, hala da. Bada sagardotegitik harago doan esperientzia bat bilatzen duen jende asko. Niri ere kanpora noanean gauzak nola egiten diren ezagutzea asko gustatzen zait. Beraz, batez ere kanpotik datozenek, oso gustura hartzen dituzte horrelako ekintzak.  Naturan paseo bat ematen duten bitartean guk gure lanaren nondik norakoak azaltzea asko gustatzen zaie, gero ikusitakoa probatzeko aukera dutelako.

“Bada sagardotegitik harago doan esperientzia bat bilatzen duen jende asko”

Iñaki Bengoetxea, Ola Sagardotegia

Azaroan sagardotegia girotzeko proposamen berezi bat dakarzue.

Jakina da bertsozaleak garela. Gainera, bertsoak eta sagardotegia beti egon dira oso loturik, kultura, herri ekimen moduan, jan eta edatekoarekin elkartzeko leku aproposa baitira sagardotegiak. Horregatik, guk beti horrelako ekitaldiak antolatu izan ditugu. Maiatzean bertso afaria antolatu ohi dugu. Oraingoan, azaroaren 23an, bertso zaharrak kantatzeko ekitaldia antolatu dugu. Bertan Agirre anaiek eta Mendiluzek parte hartuko dute oso bertso zahar politak kantatzeko. Hemen inguruko bertsolariek eginiko bertsoak kantatuko dituzte, adibidez, Lopetegitarrenak edo Bidasoaren inguruan Txirritak berak jarritakoak. Bazkari tipikoa eskainiko dugu, potaje eta baserriko oilaskoarekin. Eguerdia ondo pasatzeko modukoa izango dela uste dut.

Bisitariez gain, bertako bezeroak pozik izatea ere garrantzitsua baita, ezta?

Bai. Irun pixkanaka asko handitzen ari den hiria da. Nahiz eta guk 26 urte daramatzagun, oraindik guregana lehendabiziko aldiz hurbiltzen den jende asko etortzen zaigu, beraz, nabaritzen da jendea gauza berriak ezagutzeko gogoz dagoela. Beste bezero batzuk ordea, nola heltzen joan diren ikusi dugu, umetan ezagutu genituelako.

Konturatzerako urtarrila iritsiko zaizue. Hasiak al zarete sagardo denboraldiaren hasieran pentsatzen?

Ez, zatika joan behar dugu. Orain dugun lan honekin amaitu behar dugu. Gero, Eguberriak aldera ontzi aldaketak egin behar ditugu. Opor batzuk ere hartuko ditugu, ateak itxi eta hemendik kanpora joanda indarberrituak itzuli eta urtarrila gogoz hasteko.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude