Trikitixa eta panderoaren erritmoak mugiarazten ditu Txorimaloak soinu taldeko kideak

Txorimaloak soinu taldea Gabonetarako hitzorduetarako prestatzen ari da. Euskararen eta euskal kulturaren zabalpenaz arduratutako taldea da, izan ere, Irungo Udaleko Kalean Bai programara atxikitako elkarteetako bat da. Orain, Gabonen inguruan, hainbat hitzordu garrantzitsu izango dituzte, jada ohitura bihurtu den bezala. Garbiñe Etxenagusia Oiarzabal taldeko irakaslea soinu taldearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatu zaigu.

Musikaren munduan ia 4 hamarkada baino gehiagoko esperientzia dute bizkarrean, 1986an hasi baitzuten talde gisa bere ibilbidea. Garbiñe Etxenagusia Oiarzabalek azaldu duenez, akordeoi talde gisa sortu ziren. Gero ordea, beren ibilbidearen erdian gutxi gora behera, modei jarraiki, trikitixa eta pandero talde bat izatera pasa zen Txorimaloak. “Aldaketa poliki-poliki gertatu zen, trikitixa sartzen hasi zen heinean, akordeoia indarra galtzen hasi baitzen”, erantsi du irakasleak.

“Zortea izan dugu honaino iristeko, beraz, erraza izan da”

Garbiñe Etxenagusia Oiarzabal, Txorimaloak soinu taldeko irakaslea

Taldea osasun onez iritsi da 40. urteurrenaren atarira. Garbiñe Etxenagusia Oiarzabalen hitzetan, “zortea izan dugu honaino iristeko, beraz, erraza izan da”. Hain zuzen ere,  Garbiñe eskertuta azaldu da beti taldean jende jatorra, langilea eta inplikatua gerturatu delako, zalantzarik gabe, orain arte egin duten ibilbidea erraztu diena.

Txikietatik helduetara

Egun askotariko taldea osatzen dute, ikasleen artean haurrak zein helduak dituztelako. Ikasle txikienak urte 1 du eta Garbiñek azaldu duenez, “haur txikienekin tailer txikiak egiten ditugu”. Gainontzeko taldeak ere, batez ere, adinaren arabera antolatzen dituztela azaldu du Garbiñe Etxenagusia Oiarzabalek. “Taldekako eskolez gain, gero denak batera ere aritzen gara, txikiak zein helduak, horrela, ahalik eta ekintza gehienetan parte hartzeko”, erantsi du Txorimaloak taldeko irakasleak. Guztira, 30 pertsona inguruk osatzen dute gaur egun Txorimaloak soinu taldea. Irun bezalako hiri batean euskara eta euskal kultura sustatzeko lan handia egiteko dagoela aipatu du Garbiñe Etxenagusiak.

2025. urtea amaitzear den honetan, Garbiñe Etxenagusia irakasleak balorazio ona egiten du: “oso urte ona izan da, proiektu politak izan ditugulako eta giro onean egin ohi ditugulako gainera”. Adibidez, orain gutxi Gau Beltzaren inguruko emanaldia eskaini dute. Landetxan egin dute eta hori izan da aurtengo berritasunetako bat. Hala ere, urtean zehar bestelako ekintzetan parte hartu dutela gogoratu du: Euskal Jira, hainbat auzoetako jaietan, Euskararen Egunean, etab. Hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Landetxan azaroaren 30ean emanaldia eskaintzeaz gainera, kantu bazkaria egin dute.

Urte amaiera lanpetua

Txorimaloak soinu taldeak Eguberrien inguruko hainbat ekitalditan parte hartzeko ohitura hartu du. Batetik, Urdanibia plazan San Tomas egunean emanaldia eskainiko dute aurten ere. Bestetik, Olentzero eta Mari Domingiren etorreran ere beren aletxoa jartzen dute. Abenduaren 23an izango da hori eta Garbiñe Etxenagusia Oiarzabalek aurreratu duenez, zerbait berezia prestatzen ari dira egun horretarako Irungo Udalarekin eta antolaketan inplikatutako gainontzeko musika, dantza eta kultur taldeekin batera.

“Familia bat izaten jarraitzea, ez talde bat bakarrik, hau da, orain arte bezala”

Garbiñe Etxenagusia Oiarzabal, Txorimaloak soinu taldeko irakaslea

Etorkizunaz galdetuta, Garbiñe Etxenagusia Oiarzabalek aipatu digu hauxe dela bere erronka nagusia: “familia bat izaten jarraitzea, ez talde bat bakarrik, hau da, orain arte bezala”. Hasiera hasieratik familia baten gisakoak izan dira eta oraindik ere berdin jarraitzen dute, beraz, aurrerantzean bide beretik jarraitu nahi dute, musika lagun.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude