Entrenamenduak hasi ditu Txingudi Errugbi Klubak 2025-26 kirol denboraldiak dakartzan erronkei aurre egiteko. Biok Txingudi emakumezkoen errugbi taldea ere erritmoa hartzen hasia da. Txingudik nesken taldea berreskuratu zuen orain dela 2 denboraldi eta iaz Euskadiko Ligako finalerdietan sartzea lortu zuten. Bertako jokalariak diren Lur Gastonek eta Garazi Santosek aurreko denboraldiaren errepasoa egin eta etorkizuneko erronkak aztertu dituzte.
Denboraldia hastear den honetan, entrenatzen hasi zarete?
Lur: Bai, lehenengo lagunartekoa jokatzear gaude, eta beraz aurtengo denboraldia nolakoa izango den ikusteko prestatzen ari gara.
Garazi: Prestaketak poliki-poliki doaz, baina badoaz. Gainera, taldean jende berria dugu eta elkarren artean nola moldatzen garen ikusi behar dugu, beraz, oraindik elkar ezagutzea falta zaigulako. Baina hasiera berri honekin pozik gaude, gogotsu.
Taldea berreskuratu zenetik, hainbat lorpen garrantzitsu izan dira. Nola bizi izan duzue zuek bilakaera hori?
Lur: Egia esan, ni oso gustura nago. Nire lehenengo urtea izan zen eta pilo bat ikasi nuen taldekideei esker, batzuek urte asko daramatzatelako errugbi munduan. Ikasteaz gain, asko disfrutatu dut beraiekin. Errugbia oso kirol polita dela iruditzen zait, nahiz eta kanpoko jendeak uste duen oso gogorra dela, ez da horrela. Asko disfrutatzeaz gainera, balore oso politak ditu eta nik benetan jendeari gomendatzen diot gerturatu dadila kirol hau ezagutzeko.
Garazi: Nik ere oso pozik bizi nuen iazkoa, hunkitua eta guzti. Ni Bera Beran jokatzen egon nintzen eta Txingudira etorri nintzen kirolean txipa aldatu eta lasaitasunez hartzeko nahian. Beraiekin ordea, ezinezkoa izan da, pentsatu nuena baino gehiago estutu naute, baina oso pozik nago. Hain zuzen ere, ezin nuen sinetsi noraino iristeko gai izan ginen.
Kiroltasunaz gain, taldekideen arteko harreman onari esker, familia txiki-handia sortu duzue.
Lur: Azken batean, taldean zenbat eta laguntasun handiagoa izan, orduan eta hobeto jokatzen duzu zelaian ere. Horregatik, gure artean ondo eramatea garrantzitsua da eta aurreko urtean horri garrantzi handia eman zitzaion. Lagunak eta talde ona izateko lan egin genuen eta horri esker lortu genuen gure artean konfiantza nahikoa edukitzea zelaian ondo moldatzeko.
“Errugbia oso kirol polita dela iruditzen zait, nahiz eta kanpoko jendeak uste duen oso gogorra dela, ez da horrela”
Lur Gaston, Biok Txingudi taldeko jokalaria
Taldea sortu zenetik, orain dela bi urte, teknikoki hobetzeko lanketa egin duzue?
Garazi: Egia esan, iaz gauza asko genituen lantzeko eta hobetzeko, beraz, ez zen erraza izan. Nik esango nuke komunikazioari garrantzi handi eman zitzaiola, hau da, albokoarekin hitz egiteari. Zelaian gainontzeko jokalariekin batera zaudela sentitzen ez baduzu, oso zaila da hobetzea. Indarrak batzeko beharraz ohartu ginen eta asko azpimarratu ziguten hori, gure artean hitz egin genezan.
Lur: Nik ere horixe bera esango nuke. Ni gainera zerotik nentorrela, ohartu nintzen komunikazioa asko lantzen zela, ondo ulertzen laguntzeko.
Iaz zeintzuk izan ziren zuen aurkari estuenak?
Garazi: Nik esango nuke Durangoko eta Iruñeko La Únicako neskak, haiekin lehia estuan ibili gara eta.
Lur: Durangoren aurkako partidu gehienetan nahiko pareko ibili gara eta gogorrak izan dira.

Iaz Euskadiko Ligako finalerdietara iristeaz asko ikasteaz gain, motibatu zarete?
Lur: Emaitzei begira asko laguntzen du zuk zure buruari eta taldeari animoak emateak.
Urritik aurrera hasiko den denboraldi begira, helbururik finkatu duzue?
Lur: Nik aldaketa asko ikusi ditut. Jende aldaketak izan dira. Entrenatzailez aldatu dugu eta hori jokatzeko moduan asko nabaritzen da. Aurretik ikasteko asko dugula ikusten dut, eta beraz ea nola moldatzen garen kide eta talde berriarekin, ia zerotik hastea bezalakoa baita.
Garazi: Lehenengo gure artean jokatzen ikasi behar dugu, hori ostera txapelketetan erakutsi ahal izateko. Aurredenboraldia egokitzapen garaia da.
Baliagarriak suertatzen al dira lagunartekoak lehiaketaren martxa hartzeko?
Lur: Bai. Izan ere, lagunartekoetan jokoan ezer ez dagoenez, oso ondo daude taldea nola doan ikusteko eta, gainera, zuk zerorrek ere zeure buruari begiratzeko. Horietatik informazio asko atera dezakegula pentsatzen dut.
Garazi: Hain zuzen ere, horregatik, gauza berriak lagunartekoetan probatzen dira sarritan, ez baituzu ezer galtzeko.
“Zelaian gainontzeko jokalariekin batera zaudela sentitzen ez baduzu, oso zaila da hobetzea”
Garazi Santos, Biok Txingudi taldeko jokalaria
Talde mailan edo pertsonalki, aurtengo ligara begira zeintzuk dira zuen erronkak?
Lur: Nik ikasten jarraitu nahi dut. Errugbia bezalako kiroletan beti gauza berriak ikasi daitezkeela iruditzen zait eta, nire kasuan, oraindik ikasteko asko dudala uste dut. Entrenatzaile berriak asko dakiela nabari da, beraz, berarengandik ere asko ikasi nahi dut.
Garazi: Niretzat helburua besteei laguntzea izango da, dakidan guztia beraiei erakutsi ahal izateko.
Gainera, zuen entrenamenduak irekiak dira, beraz, edozein gerturatu daiteke bertara errugbia probatzera.
Lur: Beti animatzen dugu jendea errugbia ezagutzeko gertura dadin, zeren, hazi den arren, kirol gutxitua izaten jarraitzen du, batez ere, emakumeen kasuan. Ni neu probatzera etorri nintzen orain dela urtebete eta bertan geratu nintzen.
Garazi: Proiektu berri bat bultzatzen ari dira klubean bosteko errugbia sustatzeko. Errugbian jokatzen da bertan, baina plakaketarik gabe. 12 urtetik aurreko neskak batu daitezke horretara eta guztiak ongietorriak izango dira. Nesken taldeak astelehen eta ostegunetan entrenatzen dugu, 19:00etatik 20:30era eta astearteetan 19:30etik 21:00era. Bosteko errugbiko entrenamenduak berriz, guztiz finkaturik ez dauden arren, seguruenik astelehenetan izango dira. Bestetik, iraila bukaeran Emakumeen Errugbi Eguna ospatu genuen. Goizean tokatak, jolasak eta bazkaria egin ziren eta arratsaldean neskek lagunartekoa jokatu genuen, beraz, egun eder bat igarotzeko aitzakia izan zen.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



