Garaipenak ihes egin dio Biok Txingudiri partidako azken minutuetan

Argazkia: Biok Txingudi eta Durangoren arteko partida (Egilea: Xabi Sanchez)

Biok Txingudi garaipena lortzear egon da, azken minutuetan ihes egin eta partidua (17-22) amaitu den arte. 14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako ligako finala jokatzetik gertuago dago orain, Hernani/Atleticoren aurka garaipen nabarmena (45-10) lortu ostean.

Biok Txingudi

Norgehiagoka lehen minututik heldu nahi zuten etxekoek, aurrelarien nagusitasuna aprobetxatuz eta baloia azkar mugitzen Durangoko hiru laurdenen jokoa ahal zuten gehien neutralizatzeko. Hasierako planteamenduak segituan eman zuen emaitza eta, laugarren minutuan, Lea Etxebarrietak lehenengo marka lortu zuen (5-0). Bizkaitarrek partida kontrolpean izan nahi zuten ere eta kontraerasora atera ziren entseguaren ondoren. Zazpi minutu geroago, berdinketa iritsi zen hiru laurdenen jokaldi baten ondoren (5-5).

Hurrengo minutuetan, bi taldeek markagailua berriz mugitzeko aukerak izan zituzten, baina ez zuten azkeneko metroetan jokatzen jakin. Biok Txingudiren meléa askoz indartsuagoa izaten ari zen eta hiru laurdenek defentsa lan izugarria egin zuten, baina erasoan jokaldiak ondo amaitzea falta zitzaien.

Bigarren zatian, Durangok intentsitate puntu bat gehiagorekin atera zela erakutsi zuen eta mugakoak bere zelaian sartu zituen lehenengo minutuetan. Txingudi defentsan ondo ibili zen, baina, berrogeita seigarren minutuan, bisitariek azkar jokatutako zigor kolpe batek etxekoen harresian zuloa aurkitu eta bost puntu gehiago gehitu zituen (5-10).

Txingudik nagiak kendu zituen eta erasora joan zen ondorengo jokaldietan. Defentsa-lerroa gainditzea behin eta berriz lortu bazuten ere, azkeneko metroak falta zitzaizkien lana ondo amaitzeko. 61. minutuan, aldea murrizteko aukera izan zuen Txingudik hagetara ostikatutako zigor kolpe batekin, baina baloia albo batera joan zitzaion Alba Saizeri eta markagailua berdin mantendu zen. Sei minutu geroago, melé baten irteeran, Uxune Alkortaren entseguak eta Alba Saizen eraldaketak Txingudiri aurrea hartzeko aukera eman zion (12-10).

Hurrengo jokaldian, etxekoak berriz ere durangarren entsegu-eremura hurbildu ziren baina, baloia lapurtu eta ondorengo kontraeraso azkarrean, Durangok zazpi puntu gehitu zituen markagailua bere alde berriz iraultzeko (12-17). Bi minutu geroago, berriz ere, baloia lapurtu eta segidan hiru-laurdenek egindako kontraeraso azkarrak beste entsegu bat eman zion Durangori, 12 eta 22koa jarriz markagailuan.

Biok Txingudik ez zuen amore eman nahi eta erasora joan zen hamar puntuko aldeari buelta ematera. 79. minutan, Paola Vegak beste entsegu bat lortu zuen aldea bost puntuetan murrizteko (17-22). Azkeneko baloia Txingudirena izan bazen ere, indarrek ez zien gehiagorako eman eta Durangok azkar lapurtzea lortu zuen, norgehiagoka amaitzeko.

Biok Txingudiren hamabostekoa Zumendi Caro, Lupe Pescador, Maren Santa Cruz, Lur Gaston, Camille Buros, Garazi Santos, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Miren Fernandez, Leire Muñoz, Enara Arruti, Ane Novo, Alba Saiz, Uxune Aranburu, Laida Rodriguez eta Jessica Gomezek osatu zuten. Aulkian hasi ziren Saioa Gartzia, Lucia Duran, Maddalen Alberdi, Lohitzun Aia, Iara de Almeida, Paola Vega, Naroa de la Fuente eta Irati Beraiz. Epailea Xabi Etxaniz izan zen.

Galduta ere, Biok Txingudik bonus puntu bat eskuratu du sailkapenerako, zazpi puntu baino gutxiagogatik galdu baitu, eta laugarren kokatzen da hamabost punturekin. Bi asteren bueltan jokatuko du azkeneko partida Iruñan, La Unicaren aurka.

Gipuzkoako Ligako finala gertuago gazteentzat

Larunbat goizean Txingudi/Orereta/Baztanen txanda izan zen, Hernani/Atletico San Sebastianen aurka Gipuzkoako ligako finalerdiak jokatzen baizituen taldeak. Hasieratik kontrolpean izan zuten partida eta bisitariei ez zieten ezertarako aukerarik eman, baloia azkar mugituz, metroak etengabe irabaziz eta entseguak lortuz.

35 puntuko aldea itzulerako partida erosoago jokatzeko aukera emango die mugakoei, baina aldi berean ezin izango dira fidatu, Hernani/Atletico talde oso indartsua dela erakutsi baitu denboraldi honetan. Izan ere, azarotik zeraman Landareko taldeak galdu gabe ligan.

Txingudi ordezkatu zuten jokalariak Markel Aizpurua, Unai Aizpurua, Telmo Bereciartua, Aiur Callao, Markel Celestino, Giovani Ciurar, Galder Eizaguirre, Omar El Mossaoui, Oier Goenaga, Greta Gutierrez, Goretti Lekuona, Urtats Mendizabal, Markel Orbegozo, Annie Pascaru, Urko Prieto, Oihan Sanchez, Beñat Tristan eta Marcos Viñuela izan ziren, Oreretako Xian Aizpurua, Eki Galarraga eta Enai Irastorza eta Baztango Pau Martinezekin osatu zuten taldea. Epailea Hodei Guerrero izan zen.

Datorren asteburuan, Hernanin jokatuko dute finalerdiaren bigarren zatia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude