Irungo Udalak gaur arratsaldean inauguratu du Via Irun proiektu estrategikoaren berrikuntzei buruzko erakusketa CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Gipuzkoan aurreikusten den hiri-berroneratzeko operaziorik garrantzitsuena den honek trenbide-eremua eraldatzea du helburu, eta gaurtik aurrera, herritarrek proiektuaren xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Inaugurazio instituzionala gaur arratsaldean egingo da eta erakusketa apirilaren 18ra arte bisitatu ahalko da.
Erakusketa plangintza-dokumentu berriaren jendaurreko erakustaldiaren testuinguruan kokatzen da. Bertan, orain arte landutako ardatz nagusiei eutsi zaie, baina azalpen zehatzak gehitu dira interes handiena piztu duten alderdiei buruz. Besteak beste, Topoaren trazadura berria Adifen trenbideekin nola integratuko den eta geltoki intermodal berriaren funtzionamendua argitzen duten panel informatiboak, ikus-entzunezkoak eta maketa bat daude ikusgai.
Cristina Laborda alkateak gaur goizean adierazi duenez, erakusketa honen bitartez udalak hiriaren iraganaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa bat islatu nahi izan du. “Via Irun zer den azaltzeko, begirada atzera botatzen duen erakusketa da”, azaldu du alkateak. Bide beretik, hiri proiektu estrategiko bat dela gogoratu du, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako aldaketarako talde politiko guztien artean lortutako akordioaren garrantzia azpimarratuz.
Naiara Zabala Hiri Garapeneko zuzendariak erakusketaren antolaketa azaldu du, erakusketan hainbat elementu nabarmendu nahi izan dituztela adieraziz. “Gaur egun ezagutzen dugun Irun modernoa ez litzateke gaur egun dena izango, iraganean trenbide eremua edo Aduana garatu ez balira”, aipatu du Hiri Garapeneko zuzendariak. Trenbidea, Aduana eta hiria ardatz bezala hartuta, azaletik harago, espazio hauen barnealdeak hiriaren etorkizuna nolakoa izango den deskubritzeko aukera ematen du teknologia modernoagoen laguntzaz. Erakusketa espazioaren erdialdean dagoen maketa interaktiboak esperientzia osatzen du, hitz egindako guztiari forma emanez. “ CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan dela baliatuz, oso teknikoa ez den erakusketa bat egin nahi izan dugu, erlojua, faroltxoa edo koadroa bezalako elementuekin osatuz”, nabarmendu du Naiara Zabalak.
Informazio saio irekia
Irungo Udalak jakinarazi du bihar, martxoak 24, asteartea, arratsaldeko 18:00etan, herritarrei irekitako informazio-saio berezi bat egingo dela CBA zentroan bertan. Saio horretan, Cristina Laborda alkateak, Sergio Javier Hiri Garapeneko ordezkariak eta Naiara Zabala Hiri Garapeneko zuzendariak proiektuaren hirigintza-plangintza berria eta trenbidearen integrazio-akordioaren ondorengo berrikuntzak zehatz-mehatz azalduko dituzte. Ekimen honekin, Udalak herritarren parte-hartzea eta gardentasuna sustatu nahi ditu hiriaren bihotza aldatuko duen prozesu historiko honetan.



