Zaisa Txingudik garaipenarekin eta Biok Txingudik porrotarekin agurtu dute 2025. urtea

Argazkia: Zaisa Txingudi eta Sortzen C/Beltzak taldearen arteko partidua (Egilea: Alberto Robleda/Iñigo Sánchez).

Txingudi errugbi klubeko senior taldeek 2025. urteko azken partiduak jokatu dituzte. Zaisa Txingudik garaipen garrantzitsua du urte amaitu aurretik, 14-26ko emaitzarekin. Biok Txingudik itxura hobea erakutsi zuen arren, ez zen Durango gainditzeko gai izan. (26-67)

Zaisa Txingudi

Zaisa Txingudik garaipen garrantzitsua lortu zuen urtea amaitzeko 14-26. Lehenengo zati kaxkarra egin ondoren, taldeak bigarren zatian irauli zuen markagailua. Lau puntuak eskuratzeak igoera postuetatik gertu mantentzeko aukera paregabea emango zion Zaisa Txingudiri, baina horretarako hirugarren sailkatua, Sortzen C/Beltzak gainditu behar zuen.

Mugako taldea gorriz jokatu zuen, Orereta Rugby Taldearen koloreekin, Usurbil eta Lasarte-Oria artean kokatzen den Atsobakar zelaian helburu horrekin. Iñigo Camarero eta Marco Duffrechek zelairatutako taldea André Ferreira, Aitor Asurmendi (kapitaina), Joao Costa, Xabi Sánchez, Jon Mediavilla, Asier Amigo, Imanol Rodríguez, Peio Castellano, Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Pablo Besga, Eneko Martinez, Ekain Hiribarren, Julen Iglesias eta Odin Gutierrezek osatu zuten. Aulkian Iñaki Cano eta Unai Cano hasi zuten partida.

Etxekoen aurrelariak lan txukuna egiten ari baziren ere, bisitariak aurretik egon ziren norgehiagoka osoan zehar. Hiru laurdenen lerroan, aldiz, alderantzizkoa zen, Txingudikoek plakajeak egiten gogor aritu ziren, baina edozein akatsek defentsa lerroa hamarnaka metro atzeratzea suposatzen zuen, Sortzenen erdilari eta atzelari azkarrei esker.

Honela, taldeak berdinduta aritu ziren etxekoek lehenengo entsegua eta eraldaketa lortu zituen arte, hamalaugarren minutuan (7-0). Etxekoen ostikada sakonek, aldeko haizearen laguntzarekin, Zaisa Txingudiren atzelariei lana zaildu zien, baina hauek oso ondo ibili ziren baloia kontrolatu eta arriskua bere entsegu-eremutik aldentzen.

Hogeita zortzigarren minutuan, touch baten ostean, Eneko Martinezek defentsan zuloak aurkitu eta gainditu zuen baloia hagen artean kokatzeko. “Lutxo” Echevarriak ondorengo ostikada sartu zuen, emaitza berdinduz (7-7). Baina gutxi iraun zuen berdinketak, bi minutu geroago, aldeko melé baten ondoren hiru laurdenen jokaldi bat aprobetxatuz, Txingudiren defentsa zulatu zuen abantaila aldeko zazpi puntuetara eramateko berriz ere (14-7). Atsedenaldira mugakoak kontrako markagailuarekin iritsi ziren, bigarren zatian egoera guztiz aldatzeko intentzioarekin.

Bigarren zatia hasi eta zazpi minutura, bi taldeek jokalari bana galdu zuten borroka baten ostean txartel gorriak jasotzeagatik. Zaisa Txingudiren kasuan, Iñaki Cano izan zen zelaitik kanpo partida jarraitu behar izan zuena. Burua hotz mantendu behar zuen Txingudik ordura arte egindako ahaleginek fruituak eman zitezen eta, hurrengo jokaldian, melé batetik baloia atera ondoren, “Lutxo” Echevarriak berdinketa berreskuratu zuen entsegua eta eraldaketa lortuz (14-14).

Hurrengo hamar minutuetan, aurrelarien lan gogorrarekin aurreratutako metroak baliatu zituen Txingudik eta, bigarren zatiaren erdialdean, Joao Costak entsegu-eremuan baloia uztea lortu zuen, lehenengo aldiz aurrea hartzeko markagailuan. Echevarriak beste bi puntu eskuratu zituen eraldaketarekin (14-21).

Mugakoak erasoan jarraitu zuten aldea handitu eta bonus puntua lortzeko intentzioarekin, baina marka bat gehiago egitera iritsi ziren. Aurrelarien enegarren erasoan, maul bat sortu eta hogei metroz bultzatu ondoren, Julen Iglesiasek azkeneko entsegua lortu zuen emaitza 14 eta 26koan jartzeko.

Garaipen honek Zaisa Txingudiri laugarren postuan kokatzea balio izan dio hemeretzi punturekin. Aurretik, Eibar (36 puntu), Urgozo (32) eta La Unica B (20) izan dira 2025. urtean bidasoarren aurretik amaitu dutenak. Urtarrilaren 11 arte taldeak atseden pixka bat izango du. Egun horretan, Uribealdea B jasoko du Plaiaundin.

Biok Txingudik

Emakumezkoen taldeak ez zuen erronka erraza izan Plaiaundin. Aurtengo Durango pasa den urtean Euskadiko hirugarren amaitu zuen talde bera ez bada ere, lan txukuna egiten dakien taldea dela erakusten ari da.

Txingudiren aldetik Zumendi Caro, Maddi Aginagalde, Maddalen Alberdi, Lucia Duran, Lohitzun Aia, Maddi Garmendia, Sandra Ramos, Alaia Santos, Alba Saiz (kapitaina), Irati Beraiz, Onintza Burgera, Lur Gaston eta Naia Piquero aritu ziren.

Lehenengo minutuak bizkaitarrenak izan ziren eta, hamabost minututan, lau entsegu eta hiru eraldaketako abantaila lortu zuten (0-26). Hamazazpigarren minutuan Plaiaundikoen erantzuna iritsi zen eta Naia Piquerok entsegua lortu zuen aldea murrizteko (5-26). Baina Durangoren boladak bere horretan jarraitu zuen eta, atsedenaldia baino lehen, beste hamalau puntu egin zituen bi entsegu eraldaturekin (5-40).

Bigarren zatian bisitarien intentsidadeak behera egin zuen, baina baloiaren jabetza mantentzen jarraitu zuten. Honela, 46 eta 49. minutuetan beste bi marka gauzatu zituzten (5-50). Kostata ere, Biok Txingudik konfidantza hartzen joan zen bere jokoan eta, berrogeita hamaseigarren minutuan, Onintza Burgerak entsegu bat eta Alba Saizek eraldaketa bat lortu zuten zazpi puntu gehitzeko (12-50).

Durangoren erantzuna hurrengo jokaldian iritsi zen eta, bi entsegu eta eraldaketa batekin, aldea berrogeita hamar puntuetara eraman zuen berriz (12-62).

Norgehiagoka guztiz irekita zegoen ordurako, erasoak defentsen lana baino eraginkorragoa zen eta Txingudik puntuak gehitzen jarraitzeko aprobetxatu zuen. 62. minutuan Irati Beraizen entseguarekin eta Alba Saizek sei minutu geroago egindakoarekin, aldea berriz murriztu zuen. Saizek bi eraldaketak makilen artean pasa zituen eta emaitza 26 eta 62an kokatu zuen.

Minutu bat geroago, bisitariek partida beste entsegu batekin itxi zuten, markagailua 26-67 utziz. Emakumezkoen taldeak mutilek baino atseden luzeagoa izango du eta ez da lehiaketara bueltatuko urtarrilaren 18a arte, Gaztediri bisita egiteko.

Gabonetako Loterian sartiuak

Txingudik jokatutako 71.445 zenbakiak Gabonetako Loteriaren zozketan sari txikietako bat jaso duela jakinarazi du klubak. Txartel bakoitzak 20 euroko saria jasoko du trukean eta Behobiako 3 zenbakidun loteria administrazioan (Juan Thalamas Labandibar 16) jaso daiteke abenduaren 24tik aurrera.

Bestetik, Irun Bike Center emandako bizikletaren saria 9.432 zenbakiari egokitu zaiola jakinarazi dute baita ere. Saridunak hamabost eguneko epea du klubarekin kontaktuan jartzeko.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude