1921eko apirilaren 3an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Aldizkari horretako lehen testuan hiriaren “oso humanitarioa” titulua nondik datorren azaltzen da. Jarraian, Pedro Sarasqueta Eibarreko idazlea Irunera bizitzera etorri den albistea jasotzen da aldizkariaren lehen orrialdean irakur daitekeen hurrengo idatzian. Juan Basurkok “Mariñel gizagajuak” izeneko olerki sorta irakur daiteke “El Bidasoa” aldizkariaren 292. zenbakian. Lehen orrialdearen amaieran Hondarribian jazotako hondamendi bat aipatzen da, gaiari buruzko xehetasunak eman gabe, jada beste egunkarietan argitaratuak izan direla argudiatuz. Hala ere, “El Bidasoa” aldizkariko erredakziotik diru-bilketa bat antolatu dela jakinarazten da, herritarren ekarpenen bitartez Hondarribian kaltetutako familiak laguntzeko.

Kirol kronikan, berriz, Espainiako futbol txapelketaren garapenaren jarraipena egiten da, Vigoko partiduan gertatutakoa laburbiltzeaz gainera, Irunen jokatuko den hurrengo norgehiagokaren xehetasunak emateko. Ondoren, Irunen gazte talde batek Junkaleko Andre Mariaren elizan antolatutako erlijio-musikaren kontzertuaz hitz egiten da. “Buzón del Bidasoa” atalean, berriz, hiritarrek aldizkariaren erredakziora bidalitako gutunak erantzuten dira. Juan de Uranzuk Lehen Mundu Gerrak hirian logelen gabezia eragin duela jakinarazten du, arazoari buruzko ikerketa batean bildutako datu zehatzak zabaltzeaz gainera. Artikuluak aldizkariaren hurrengo zenbakian jarraipena izango duela adierazten da idatziaren amaieran.

“Cuento Vasco” titulua daraman artikuluan S. Ignotusek Joshe-Mari pertsonaian oinarritutako kontakizuna kontatzen du. Aldizkaria amaitu aurretik, “Notas Municipales” atalean azken udal bilkurako erabakiak laburbiltzen dira, “Ecos de Sociedad” atalean gizarteko goi-klaseetako biztanleen gorabeherak biltzen dira, publizitate orrialdearen aurretik, berri laburren “Noticias” atalarekin amaitzeko.