Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G53120: Inauterietako ospakizuna 1930. urtean Palace Hotelean.

1920ko otsailaren 22an argitaratu zen “El Bidasoa” aldizkariaren 234. zenbakia. Eskualdeko albisteak eta gertakariak biltzen dituen astekariaren zenbaki honetan Inauteriak dira testuetan lantzen den gai nagusia. Hain zuzen ere, aldizkariaren hasieran Jose Mariscalek Inauterien ospakizunaren kontra iritzi-artikulua argitaratzen du, bere ustez jai hauek jarrera basatiak eragiten baitituzte hiritarren artean. “Cosas del chiquitín Irunes” artikuluan aldizkariko kolaboratzaileen inguruan hitz egiten den bitartean, “A Txori Txiki y a Txingudi” testuaren bitartez aldizkariko olerki idazle euskaldunen lana goraipatzen da. Jarraian, Kasinoan antolatutako maskara dantzaldiaren xehetasunekin idatzitako kronika irakur daiteke. Ondoren, “Aspectos locales” atalean, berriz, Inauterietan zehar Irungo kaleetan izandako giro eskasa aipatzen du “RE-LA-MI-DO”-k, dantzaldiek izandako arrakasta handiarekin alderatuz.

G11735: 1949. urtean Irungo Kasinoan antolatutako Inauterietako dantzaldia.

Bigarren orrialdean, kirolen atalaren barnean, Real Union eta Athletic taldeek Amuten jokatutako partiduaren nondik norakoak azaltzen dira kronika sakon batean. Ondoren, “Snoski”-k munduko ekonomia aztertzen duen artikulua sinatzen du. Jarraian, Angel Rosadok idatzitako “Momentos en la Ciudad” testuaren bigarren zatia argitaratzen da, Irunera etorritako bisitari batek hiriaren itxuraren inguruan duen iritzia zabaltzeko. “Notas municipales” atalak, berriz, azken udal bilkuran hartutako erabaki esanguratsuak laburbiltzen ditu.

G38397: Irungo hirigunearen ikuspegi orokorra Ibaieta gainetik ikusia XX. mendearen hasieran.

Azken orrialdean, Fernando Alcayagaren bizitza eta ekarpenak errepasatzen dituen testua irakur daiteke. Horren ostean, “Hace años …”, “Teatros”, “Ecos de sociedad” eta “Noticias”atal finkoekin osatzen dira aldizkariaren azken zenbakiko testuak, alea ixten duen publizitatez betetako azken orrialdearen aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude