Egilea: Josu Laguardia Igiñitz
Doinua: Gure herri txiki hau da
Mundua jira eta jira…
AEB, Israel, Txina…
Belatzen estrategia,
usoentzako medizina.
Heriotza aiseagoa da,
aurrez jarrita morfina;
Ikusgarriagoa baina,
bada nitroglizerina.
Zertarako daude eskolak?
Zertarako sanedrina?
Zer irakasten da bertan?
Soilik gerrako doktrina?
Nola bihurtzen da norbait
erahiltzeko makina?
Belatzen soroetan, zurtz…
hilzorian, Palestina.
Batzuk, doktrinaz doktrina;
beste batzuk, tranpaz tranpa.
Palestinatik urruti, Trump
bere hamakan etzanta.
Bero dagoenean, “ice-cream”,
fresko dagoenean, manta…
Eta asperdura uneetan,
hautatu nori egin “zanpa”.
Venezuela, Iran, Yemen,
Palestina… a zer txanpa!
Bere gozagarrirako,
odolustu, tantaz-tanta…
“Nola zaude gaur, Benjamin?
Zure estarriko marranta?
Gaur Gazako zer tokitan
nahi duzu kolpe galanta?”
“Donald, kolpea izan dadila
bortitza bezain azkarra.
Ikas dezaten betiko
munduan nork duen indarra.
Zabal bedi Palestina
osoan Daviden izarra.
Gaza banatuko dugu
bi zatitan, lagun xarra.
Zuk aukeratu aurretik
non jarriko dugun marra.
Nik nahiago dut hegoa,
eta zuretzat, iparra.
Gure negozietarako
ez da banaketa txarra.
Zerrenda hau ez da izango
sekula Palestinarra!”
Dagoeneko hiru urte dira
hasi zela bonba jasa.
Han ez da ezer geratzen…
ez etxe, ez kale, ez plaza.
Ez genuen usteko har
genezakeenik arnasa
basakeria horren aurrean.
Ez da, ez, ulerterraza.
Nolatan han heriotza den
bizilagunen jolasa.
Nolatan zoratzeraino
ez den lehenestsi solasa.
Nolatan belatzen esku
zokoratu dugun Gaza.
Nolatan gure erantzuna
izan den horren eskasa.

