Gaur aurkeztu da XI. Azkue Memorialaren egitaraua. Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzaga Junkal parrokian izan da gaur, Oiartzungo Organozaleak elkarteak José Manuel Azkue organista oiartzuar ezagunaren omenez antolatzen duen zikloa aurkezten. Berarekin batera elkarteko ordezkari diren Joseba Zabaleta eta Antton Mendizabalekin batera.
Aurten, zinema emanaldi batek eta hiru organo eta harmonium kontzertuk osatuko dute zikloa, eta lehenengo kontzertua larunbat honetan izango da, hilak 9, Esteban Landart musikariaren eskutik, 20:00etan, Junkal parrokian, doan. Kontzertuaren aurretik, haren xehetasunei buruzko saio didaktiko bat izango da, 11:30etan, parrokian bertan.
Esan bezala, zinema emanaldi batek eta beste bi organo eta harmonium kontzertuk osatuko dute zikloa. Zinema emanaldia ostegun honetan izango da, hilak 7, 19:00etan, Landetxe kultur aretoan, Oiartzunen: El moderno Sherlock Holmes emango dute (Buster Keaton, 1924), Óscar Rodríguez musikariaren harmoniumak akonpainatuta. Bigarren kontzertua igande honetan izango da, hilak 10, 19:00etan, Landetxe kultur aretoan, Óscar Rodriguez eta Ignacio Arakistain musikarien eskutik, eta hirugarrena, datorren igandean, hilak 17, 19:00etan, San Agustin parrokian, Errenterian, Loreto Aramendiren eta Sotto Voce boskotearen eskutik.
Udazkeneko organo zikloa
Azkueren omenezko zikloak organoaren munduko espezialista eta zaleak biltzen ditu. Oiartzungo Organozaleak elkarteak nabarmendu duenez, Azkuek harreman berezia izan zuen Irun, Errenteria, Hondarribi eta Donostiako organoekin, baita jaioterrikoarekin ere. Gaur egun, Azkueren omenezko zikloa Oiartzualdeko eta Bidasoaldeko udazkeneko organo zikloa da.
Azkuek inoiz ez zituen ahaztu jaioterria, ez bertako Cavaillé-Coll Père et Fils organo miretsia, eta Oiartzungo Udalak urtero haren omenezko ziklo bat antolatzea erabaki zuen, Oiartzungo organoaren balio artistiko eta historikoa ezagutarazteko eta organista handiak eta organo kontzertuak berritu nahi dituzten eta haiekin esperimentatzen duten musikari gazteak entzuteko aukera emateko. 2016an, Oiartzungo Organozaleak elkartea hasi zen zikloa antolatzen.
José Manuel Azkue
José Manuel Azkue 2008ko abenduaren 19an hil zen, 81 urte zituela. Haren jarduna oso garrantzitsua izan zen Euskal Herriko organisten historian.
Azkue 1927an jaio zen, Aginagalde-enea etxean, eta, 11 urte zituela, apaiz izateko ikasketak egitera joan zen, Alesbesera (Nafarroara). Han, agerian utzi zuen musikarako dohain apartak zituela. 20 urte zituela, ikasketak utzi zituen, eta, soldadutza bukatuta, kontserbatorioak eskatzen zituen ikasketak egin zituen, azkar egin ere.
Bi urte geroago, 1954an, pauso handia eman, eta AEBetara joan zen; berez, hilabete batzuetarako, baina, azkenean, bidaiak hemezortzi urte iraun zuen, New Yorken, non organista eta musika irakasle jardun zuen.
1975ean, Euskal Herrira itzuli, eta Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organista titularra bihurtu zen. Ordutik, harreman estua izan zuen hango Cavaillé-Coll organo ospetsuarekin.
Azkue organista betea zen, oso errepertorio zabalekoa: J.S. Bachen eta Cesar Francken organorako integralak jotzeko gai zen, eta bereziki Donostiako Musika Hamabostaldirako idatzitako obra garaikideak estreinatu ere egiten zuen.



