14 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldea nagusitu da Gipuzkoako txapelketan

Txingudi/Baztan/Orereta taldeak denboraldiko lorpen garrantzitsuenetako bat izango dena lortu du: Gipuzkoako Txapelketa irabaztea. 14 urtez azpiko jokalariek osatutako taldeak apirilaren 12an Donostiako Aiete zelaian jokatu zuen txapelketaren finaleko partidua Bera Beraren aurka. Urtats Mendizabal taldeko kapitaina da eta Goretti Lekuona, berriz, taldeko jokalaria eta txapelketako garaipena nola bizi izan zuten kontatu digute.

Urtats Mendizabalek azaldu digunez, behin garaipena eskuratuta, “talde guztia oso pozik dago, finaleko partidua oso gogorra izan zen eta”. Zentzu horretan, Goretti Lekuona taldekideak adierazi duenez, partidu zaila izan arren, elkarren artean erronka gainditzea lortu zuten. Horrela, Gipuzkoako Txapelketa irabazita taldeak denboraldi osoan zehar egindako ahalegina sarituta ikusi du. “Gure entrenamendu eta ahalegin guztiek zerbaitetarako balio izan dute azkenean”, erantsi du Goretti Lekuonak.

Denboraldi osoan zehar gogor lan egin duten arren, Urtats Mendizabalek azaldu du garaipena sorpresaz iritsi zaiela. Mendizabalek erantsi du, finalaurrekoetara iristea egingarriago ikusten zutela, baina finala ez zuten hain erraz ikusten. Gorettik azaldu duenez, denboraldian zehar beren gorabeherak izan dituzte, baina azkenean emaitza espero zitekeen onena izan da.

Talde guztia oso pozik dago, finaleko partidua oso gogorra izan zen eta”

Urtats Mendizabal, Txingudi/Baztan/Orereta taldeko kapitaina

Finala jokatu aurretik, finalaurrekoak jokatu zituzten Hernani/Atletico San Sebastian taldearen aurka. Joaneko zein itzulerako partiduan tarte bikaina lortu zuten, azkenekoan, partidua 45-10 irabaziz. Urtats Mendizabalen hitzetan, “hemen Plaiaundin sekulako aldea atera genien eta horri esker finalera pasa ginen”. Goretti Lekuonaren hitzetan, asko jokatu zuten eta ondo gainera.

Aurkariak hainbesteko aldearekin garaitzeak motibazioa eman zien Txingudi/Baztan/Oreretako jokalariei. “Hasieran urduri hasi ginen, baina partidua menderatzen genuela ikusita, azkenean oso ondo jokatu genuen”, azaldu du Goretti Lekuonak.

Garaipena azken jokaldian

Txingudi/Baztan/Oreretak finaleko azken jokaldian lortu zuen markagailua iraultzea. Taldeak denboraldiko partidarik berdinduena izan zena jokatu zuen eta, hala ere, jokalariek ez zuten itxaropena galdu eta, azkeneko jokaldian egin zuten garaipena eman zien entsegua.

Ez zen partidu erraza izan mugakoentzat, izan ere, bi entsegu egin zituen Bera Berak lehenengo minutuetan (10-0). Aldea murriztea lortu bazuten ere, Bera Berak iniziatiba izan zuen eta aurretik mantendu zen markagailuan, ekimenaren jabe. Urtats Mendizabalek aipatu du, “galtzen ari ginela ikusita apur bat urduritu ginen, baina urtean zehar ikasitako guztiari esker, zailtasunak gainditu eta hobeto jokatzen hasi ginen”. Goretti Lekuonak baieztatu duenez, urduritasunak partiduaren lehen zatian uxatu zituzten.

Azkeneko minutuetan, donostiarrak 18 eta 14 irabazten ari zirela, erasora joan ziren mugakoak markagailua iraultzeko intentzioarekin eta, lortu ere, lortu zuten, hirugarren entseguak 18 eta 19an utzi baitzuen emaitza.

Finaleko partiduan, Markel Aizpurua, Unai Aizpurua, Telmo Bereciartua, Aiur Callao, Markel Celestino, Giovani Ciurar, Galder Eizaguirre, Omar El Mossaoui, Oier Goenaga, Greta Gutierrez, Goretti Lekuona, Urtats Mendizabal (kapitaina), Markel Orbegozo, Annie Pascaru, Oihan Sanchez, Beñat Tristan eta Marcos Viñuela izan ziren Txingudi ordezkatu zutenak, Adei Usandizaga, Aimar Vicondo eta Pau Martinez baztandarrekin eta Oreretako Xian Aizpurua, Eki Galarraga eta Enai Irastorzarekin batera. Puntuak Giovani Ciurarrek, 2 entsegu, Omar El Mossaouik, entsegu 1, eta Galder Eizaguirrek, 2 eraldaketa, egin zituzten. Epailea, berriz, Iñigo Atorrasagasti izan zen.

Izan ere, errugbia taldean jokatzen den kirola da eta elkartasun horrek indarrak eman zizkion 14 urtez azpiko talde honi. “Emaitza on hau lortu dugu elkarlanari esker”, azaldu du Urtats Medizabalek. Goretti Lekuonak azpimarratu duenez, “denak elkar animatu ginen eta horrela errazagoa izan zen garaipena lortzea”. Talde lanean aritzeaz gainera, jokalarien arteko errespetua zaintzea funtsezkoa dela azpimarratu dute. “Denak elkarrekin egoten ahalegintzen gara, bakoitzak behar duenean albokoari lagunduz”, azaldu du Goretti Lekuonak.

Garaipenaren zapore ona

Txingudiko bi jokalariek onartu dutenez, hasieratik finalera iristeko aukeraren bat edo beste izan zezaketela uste zuten, baina horretarako gogor lan egitea zen aukera bakarra. Behin finala jokatzeko sailkatu ondoren, taldeak ohiko erritmoan entrenatzen jarraitu zuela azaldu digute, hau da, ez zutela bestelako prestaketa berezirik egin. “Irabazleak izan ahal izateko aurrelariek zein hirulaurdenek gure eskuetan zegoen guztia egin dugu”, erantsi du Goretti Lekuonak.

Garaipenarekin batera, poztasuna iritsi zen Txingudi/Baztan/Orereta taldera. Bakoitzak bere modura ospatu zuen baina denek ilusio handiz. Gorettik onartu duenez, batzuek negar eta guzti egin zuten, baina pozarren. Dena den, ez da horrelako garaipen bat lortzen duten lehen aldia, Urtats Mendizabalek gogoratu duenez, pasa den urtean berak jokatzen zuen taldeak B multzoko finala irabaztea lortu baitzuen. Aurten, kategoria igoerarekin, joko mailan gorakada nabaritu dute, bi jokalariek azaldu dutenez, talde oso onen aurka jokatzea egokitu zaie eta.

“Denak elkar animatu ginen eta horrela errazagoa izan zen garaipena lortzea”

Goretti Lekuona, Txingudi/Baztan/Orereta taldeko jokalaria

14 urtez azpikoak irabazle direla jakin ostean, harrera beroa egin diete klubeko gainontzeko jokalariek. Gauzak horrela, zoriontasuna Plaiaudin biltzen diren gainontzeko jokalariei kutsatu diete eta Goretti Lekuonak adierazi duenez, “askok zoriondu gaituzte”.

Dena den, Gipuzkoako Txapeldunak diren arren, denboraldia oraindik ez da haientzako amaitu. Pazko astean, Biok Experimental Shopping Txingudi Badia errugbi eskolen arteko hirugarren topaketan parte hartu du taldeak estreinakoz, bertan lagunarteko hainbat norgehiagoka jokatuz. Urtats Mendizabalek azpimarratu du, hurrengo hitzordu garrantzitsua Euskadiko finala izango dela. Aurreikuspenak egitea zaila zaie ordea, elkarrizketa egiterakoan oraindik aurkariak ezagutzen ez zituztelako. Maiatzaren amaieran ekingo diote hitzordu garrantzitsu horri, bitartean entrenamenduak alde batera utzi gabe. “Bitarte horretan jokatuko ditugun lagunarteko partiduak oso lagungarriak izango zaizkigu Euskadiko finala jokatzeko”, gaineratu du Mendizabalek. Gipuzkoako txapelketan egin bezala, sinesmenarekin eta gogor lan eginez ekingo diote Txingudi/Baztan/Oreretako jokalariek Euskadiko erronkari.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude