Irungo Udalak Dies Oiassonis jaialdiaren azken edizioaren inpaktu ekonomikoa neurtzeko enkargatutako txostenaren emaitzak argitaratu ditu. Txostenak ondorioztatzen duenez, egindako inbertsioak zuzeneko itzulkin aipagarria eman du: inbertitu den euro publiko bakoitzak 2,5 euroko itzulkina ekarri du hiriko ekonomiara. 647 inkesta egin dira azterketarako, kalean bertan, jaialdiak iraun duen bost egunetan, eta, erantzunen azterketatik ondorioztatu denez, ekitaldiak harrera bikaina izan du, 15.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu baitute eta batez besteko nota 8,4 izan baita.
Besteak beste, publikoaren parte hartze maila eta jatorria, ekitaldiarekiko gogobetetasuna eta ekitaldiak hirian izan duen zuzeneko eta zeharkako inpaktua aztertzea ziren txostenaren helburuak, eta Irungo Udaleko Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkari Nuria Alzagak haren ondorio nagusiak azaldu ditu.
Guztira, Udalak 629.000 euroko gastua egin du jaialdia antolatzeko, Dies Oiassonis hiri mailako ekitaldi estrategiko bat den adierazgarri, jendea erakartzeko gaitasuna duena eta merkataritzan, ostalaritzan eta enpleguan eragina duena. Txostenaren arabera, edizio honek 520.000 eurotik gorako BPGa sortu du hirian: Eustaten taulen arabera, urte osoko zortzi lanpostuk adina.
Nuria Alzagaren esanetan, “horrelako ekitaldiek hiriko ekonomia hazarazten dute, frogek argi eta garbi erakusten dutenez, eta, gure iraganeko kulturaren eta ondarearen balioa sendotzeaz gain, gure ekonomian oinarrizkoak diren sektore batzuek etekina ateratzea lortzen dugu, hala nola merkataritzak eta ostalaritzak”.
15.000 parte hartzailetik gora
Aurten, hamabosgarren edizioan, jaialdiak bost egun iraun du, uztailaren 9tik 13ra. 15.000 pertsona baino gehiago erakarri ditu –sarrera kontrolek 7.443 zenbatu dituzte–, eta, kalkuluen arabera, 10.670 pertsonak parte hartu dute egun bakarrean. Herritarren inplikazio maila handiaren erakusgarri da datu hori, eta ekitaldiak bertakoak zein bisitariak erakartzen jarraitzen duela berresten du. Parte hartzaileen % 77 Irunen bizi ziren, eta, gainontzekoen % 57ren arabera, Dies Oiassonis izan da hirira egun pasa edo turismoa egitera etortzeko arrazoi nagusia.
“Azterketak azpimarratzen du zer garrantzitsua den jaialdi honi ikusgaitasuna ematea, bada-eta turista mota bat bereziki baloratzen duena jarduera kulturaletan parte hartzea eta ondarea eta elementu historikoak ezagutzeko bisitak egitea. Horregatik, datorren urtean jaialdia kanal turistikoetan areago ezagutaraztea pentsatzen ari gara”, adierazi du ordezkariak.
Parte hartzaileen batez besteko nota 8,3 izan da, eta bereziki nabarmentzekoa da bertakoen gogobetetasuna. Gainera, inkestari erantzun diotenen % 94ren ustez, Irunen horrelako ekitaldiak antolatzen segitu beharra dago, eta, % 93ren arabera, jaialdiak areagotu egiten du hiria kalitateko ekitaldi kultural eta turistikoen egoitza izan daitekeen ideia.
Hamarretik bederatzi, Irunera itzultzeko prest
Txostenak jaialdiaren hazteko ahalmena ere islatzen du: publikoaren % 75 baino gehiago Irungoa bertakoa eta ingurukoa da, baina, Gipuzkoako beste udalerrietako, Nafarroako eta Frantziako bisitarien kopuruak ikusita –Frantziakoak parte hartzaileen % 5 dira dagoeneko–, garbi dago datozen edizioetan gora egin daitekeela. Ildo horretatik, inkestari erantzun diotenen % 91k aipatu dute Irunera itzultzeko asmoa dutela, eta gomendio indizea +44 da, kultur ekitaldietako batezbestekoa baino askoz ere handiagoa.
Nuria Alzagaren esanetan, “Udalaren ikuspuntutik, azterketaren ondorioek Irun bere ondarea baloratzen eta kalitateko turismoa sustatzen duen kultur hiri gisa posizionatzeko estrategia baliozkotzen dute. Dibulgazio historikoa, ikuskizunak, gastronomia eta herritarren parte hartzea konbinatzen dituen proposamen baten bidez, Dies Oiassonis jaialdiak publikoarekin konektatzea lortu du, eta Irunera etortzea aukeratzen dutenei erakargarri berezi bat eskaintzea lortu”, adierazi du.
Udala hobetu beharreko gaien ebaluazioan eta sustapen neurri berrien diseinuan lanean ari da dagoeneko, publiko mota berrien artean eta merkatu berrietan ekitaldiaren ikusgaitasuna handitzeko. Alde horretatik, Oiasso Museoa kultur erreferentzia sendoa izatea, apirilean terma erromatarrak ireki izana eta herritarrez gain entitate eta elkarteak gero eta gehiago inplikatzea lagungarriak dira datozen urteotan ekitaldia sustatzen jarraitzeko.



