Balazta elkarteak Pierre Loti pasabidea hobetzeko proposamenak egin ditu

Balazta elkarteak Pierre Loti Pasabidea aldatzeko, mantentzeko, hobetzeko eta lotzeko proposamenak egin ditu. Elkarteak bere ekarpenak egin nahi izan ditu pasabidean argiztapena jartzeko obren hasierarekin. Aldi berean, Irungo Udalari hainbat ekarpen eta proposamen helarazi dizkio tarte hori Hondarribiko udalerriarekin lotzeko.

Balazta elkartea (Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkartea) 2016ko ekainean sortutako talde independentea da, eta Bidasoaldean bizikleta hiriko garraiobide jasangarri gisa erabiltzea bultzatu eta sustatzea du helburu.

Santiago auzoa eta Plaiaundi lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako Pierre Loti pasabidea Txingudiko badian barrena inauguratu eta hamar hilabetera, urriaren 16an hasi ziren ibilbide polit hori argiztatzeko instalazio elektrikoaren lanak. Elkartetik azaldu dutenez, “horri esker, oinezkoak eta txirrindulariak segurtasunez eta ikusgaitasunez ibili ahal izango dira argirik gabeko orduetan pasealeku osoan, eta horrek, zalantzarik gabe, are gehiago handituko du azpiegitura hori egunero erabiltzen duten pertsonen kopurua”.

Balazta elkartetik positibotzat jotzen dute azkenean “guztiz beharrezkoa zen” lan horri ekitea; nahiz eta aspaldi adierazi zuten bezala, obraren egikaritzearekin batera eta paraleloki egin behar izan zen.

Orduan obra bere osotasunean gauzatu ez izanak jarraian zerrendatzen dituzten eta gaur egun arte irauten duten arazo batzuk sorrarazten ditu eta Balaztak honakoa adierazi du:

  1. Udalak jakinarazi duenez, instalazio elektrikoa egiteko lanek pasealekua sei astez erabat ixtea ekarriko dute, ehunka erabiltzaileri erabiltzea galaraziz eta herritarrei kalteak eraginez. Hala ere, eta obren lehen bi aste hauetan ikusitakoaren arabera, ia ez da langilerik edo jarduera aipagarririk ikusten egunean zeharreko ibilbidean. Hori dela eta, Balaztatik Irungo Udalari eskatzen diote ibilbide hori erabat ez ixtea eta lanek dirauten bitartean pasabidea partzialki irekita mantentzea, lanean ari diren zonalde eta puntuetara soilik mugatzea itxierak, langile eta erabiltzaileentzako segurtasun-neurri egokiak une oro zainduz eta mantenduz.
  2. Pierre Loti kaleko landaredia lehenbailehen garbitu eta inaustea eskatzen dute; izan ere, hamar hilabetez kontrolatu eta zaindu gabe egon ondoren, landarediak nabarmen estutu du oinezkoen eta txirrindularien pasabidea, batzuetan, arrisku-egoerak sortuz erabiltzaileen artean. Jakin badakigu azken hilabeteetan pertsona askok deitu eta mezuak bidali dizkiotela HAZri inguru horretako landaredia garbitzeko lanak egin daitezen eskatuz, baina, dirudienez, tarte hori oraindik ez dago sartuta udalerriko berdeguneak mantentzeko kontratuan, eta langileek ezin omen dute egin.
  3. Ibilbide hau inauguratu zenetik, erabiltzaile askok pasabidea eta Avenida zubia arrapala eta eskailera batzuen bidez lotzeko beharra adierazi dute. Horrek Hendaiarako ibilbidea 600 metro inguru laburtuko luke, itzulinguru handi bat egitea saihestuz. Azpiegituraren eranskin horrek mugikortasun jasangarria erraztuko luke bi herri horien artean, bai bizikleteentzat, bai oinezkoentzat. Aldi berean, ibilbidearen segurtasuna hobetuko luke; izan ere, Santiago zubian 4 errepideko errei gurutzatzea ere saihestuko bait luke. Puntu hau trafiko handia jasaten duen ibilbidearen puntu kritikoa baita, non autoak azkarregi igarotzen baitira, oinezkoentzat eta txirrindularientzat arrisku-egoerak sortuz.
  4. Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, salatu dute ia urtebete igaro dela Txingudiko pasabidea inauguratu zenetik, eta Irun eta Hondarribiko herritarrek ez dutela berririk, ez eta informaziorik ere, Irun eta Hondarribia Mendelu auzoaren bidez bizikletaz eta oinezkoz lotzeko proiektuaren egoerari buruz. Orain, dirudienez, Gobernu Zentralaren mendeko Trantsizio Ekologikoko eta Kostaldeetako Ministerioaren erantzukizuna den arren, eskertuko lukete egiten diren gestioen berri emango baliete.

Hondarribiarekiko lotura

Gogoan izan behar da Irun eta Hondarribia arteko bizikleta-lotura duela 15 urte baino gehiagotik dagoela aurreikusita Txingudiko badiako, Foru Aldundiko eta bi udalen Hiri Mugikortasun Jasangarriko (HMJP) planetan. Hala ere, azpiegitura gauzatzeko proiektua bere aurrekontuarekin izan arren, eta hedabideetan laster egingo dela iragarri ondoren, gaur egun oraindik ez dago proiektuaren egoerari eta trazadurari buruzko berririk, eta are gutxiago proiektuaren lizitazioaren edo obren hasieraren aurreikuspenik.

Hori dela eta, Balazta elkartetik berriz ere eskualdeko bi udalei eskatzen diete inplika daitezela eta lehentasuna eman diezaiotela Irun — Hondarribia arteko bizikleta eta oinezko-loturari, Plaiaundi — Amute loturaren bidez. Horretarako, eskatzen diegu jar daitezela lehen bait lehen harremanetan proiektuaren diseinuan eta gauzatzean eragina duten gainerako erakunde eta administrazioekin (Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gobernu Zentrala); hauekin egungo egoera desblokeatuko duen lan-mahai bat sor dezaten, behingoz proiektua bultzatuz eta gauzatuz.

Agerraldia eta bilera eskaera

Ildo horretan lanean jarraitzeko, Balaztak agerraldia egingo du datorren azaroaren 17an Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean, Foru Aldundiaren inplikazioa eskatzeko eta proiektu beharrezkoa eta eskatua lehenesteko. Elkartetik adierazi dutenez, “ea behingoz Irun eta Hondarribia zuzenean eta segurtasunez lotzen dituen zatia amaitzen den, bi udalerrien arteko mugikortasun iraunkorra, bai oinez edo bizikletaz, modu eraginkorrean benetan sustatuz”.

Puntu horiek guztiak xehetasun handiagoz aztertzeko eta horri buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko, Balazta elkarteak aste honetan bertan eskatuko du bilera bat Irungo Udaleko Hirigintza, Mugikortasun eta Garapen Jasangarriaren arloko ordezkariekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude