Martxan da neguko loreen landaketa kanpaina. Guztira, 38.618 landare hazi dira udal mintegian, eta 25.617 landatzen ari dira Irungo kale, plaza eta parkeetan. Gainontzekoak, berriz, bertan geratuko dira, negu osoan ordezkapenak egiten joateko.
Landaketa kanpainaren xehetasunak azaldu dituzte Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegitura arloko Gorka Alvarez ordezkariak, Idoia Martin udal mintegiko arduradunak eta Jaime Aperribay Gureak enpresa esleipendunaren ordezkariak. Gorka Álvarezek Udaleko langileen lana azpimarratu du, “udal mintegian landare eta loreak zaintzen baitituzte, eta gero berdeguneetan landatzen hiria biziberritzeko”. Landaketa lanak San Juan plazan hasi dira, eta Iparralde hiribideko biribilgunean Stadium Gal zelaiaren parean, Letxunborro hiribideko biribilgunean Puiana parean eta Lope de Irigoien kalean segituko dute, besteak beste.
Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegitura arloko ordezkariak gogoratu duenez, onura ekologikoak eta ingurumenerako onurak dakartzate landareek, eta osasun fisiko eta mentalerako onak dira. Era berean, “pedagogia lana egin beharraren garrantzia” nabarmendu du ordezkariak, “herritar guztiok lorategiak zaindu ditzagun eta itxura ezin hobea izan dezaten beti”.
Loratzear diren landareak
Landare hauek loratuko dira hemendik maiatzera bitartean: tulipa, anemona, antirrhinuma, ziklamena, mitxoleta, oroilorea, udaberri lorea, bioleta eta biola. Parterre askotan, sasoi desberdinetan loratzen diren landareak nahastu dira, bata bestearen atzetik lora daitezen.
Aurten, oroilorea landatuko da gehien berdeguneetan: 8.580 landare, kanpaina honetan hazitakoen % 22,2. San Juan plazan, Luis Mariano lorategietan eta Zubi-Muxu plazatxoan landatuko dira; negu bukaeran loratuko dira; eta lore urdinak, zuriak eta arrosak emango dituzte. Bioletak izango dira ugarienetan bigarrenak: horiak, laranjak, arrosak eta urdinak izango dira, eta Oiasso Museoaren parean, San Juan plazan eta jardineretan landatuko dira.
Gureak Berdea
Gureak Berdea gizarte ekimeneko enplegu zentro berezia da hiriko parke eta berdeguneak mantendu, zaindu eta hobetzeaz arduratzen den enpresa: hura arduratzen da Irunen sasoi bakoitzean landatzen diren loreak hazteaz. Udal haztegia Ibarlan dago: bisitatu egin daiteke, eta, horrela, gero eta ikastetxe gehiago joaten dira landareak hazten ari direnean, gaztetxoak hiriko berdeguneak zaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko.
Bestalde, orain aldatzen ari diren landareak mazizoetatik kentzen direnean, berrerabili, eta herritarrei banatuko zaizkie udaberrian; zehazki, maiatzean banatuko dira ziklamenak, tulipa erraboilak, oroiloreak, ahuntz prakak, krabelinak eta abar.
Egun, kontratuari esker mantentzen den azalera milioi bat metro karratu baino gehiago da, eta mantentze lanak kokalekuaren eta tokian tokiko erabilera eta elementuen arabera banatuta daude:
- Mantentze intentsiboa. Erdialdean eta hirira sartzeko biribilguneetan egiten dira mantentze lan intentsiboak, 29.208.92 metro karratuan guztira.
- Mantentze handia. Auzoetan-eta egiten dira mantentze lan handiak, 410.113,17 metro karratuan guztira.
- Mantentze arina. Auzoetako ezpondetan eta bestetan egiten dira mantentze lan arinak, 140.119.45 metro karratuan guztira.
- Noizbehinkako mantentzea. 214.926,88 metro karratuan egiten dira guztira.
- Q kategoriako mantentzea. Basoetan eta naturaguneetan egiten dira Q kategoriako mantentze lanak, 132.392,45 metro karratuan guztira.
Gainera, hirian badira aldian-aldian mantentzen ez diren eremuak eta belardiak, zuhaixkak, jardinerak eta lore mazizoak ere.



