Bihar hasiko da zuhaitzak landatzeko neguko kanpaina

Bihar, otsailaren 4an, asteartearekin hasiko da zuhaitzak landatzeko neguko kanpaina. Irungo Udaleko Obra, Mantentze eta Azpiegitura arloak jakinarazi duenez, 2025ean 148 zuhaitz landatzea aurreikusiten da.

Lehen landaldi honetan, besteak beste, espezie hauek landatuko dira: astigar zorrotza (Acer platanoides), haltz beltza (Alnus glutinosa), almeza (Celtis australis), gingkoa (Gingko biloba), masustondo zuria (Morus alba), zenbait gereziondo ornamental (Prunus accolade, Prunus umineko eta Prunus yedoensis), haritz kandudun fastigiatua (Quercus robur «fastigiata») edo zumarra (Ulmus «columella»).

Landatuko duten lehen zuhaitza Sarjia parkeko gingko biloba bat izango da, eta gainerakoak hiriko eremu eta auzo askotan jarriko dira: Urdanibia Berri, Katea, Antzaran, Artia, Belaskoenea, Santiagotarrakeko bidegorria, Lapitze, Larreaundi, Arbesko errota, Behobia, etab.

Negua, landaketa garaia

Urtean zehar, erregistratu egiten dira galdutako zuhaitzak: hil direnak, haizeak bota dituenak, gaitzen batek jota ahulduta daudenak eta abar. Horrela, mintegian horiek ordezteko aleak eskatzen dira.

Oro har, zuhaitzak neguan landatzen dira, hosto erorkorreko zuhaitzek hostoak galdu dituztenean. Orduan, mintegiek errazago manipula eta erauz ditzakete. Landaketa-kanpainak, edonola ere, mintegien stockaren araberakoak dira beti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude