Irunviko Administrazio Kontseiluak San Migel – Anaka eremua urbanizatzeko lanak esleitzea onartu du. Aurreikuspenen arabera, 2026ko otsailean hasiko dira lanak. Jarduketa oinarrizkoa eta estrategikoa da hiriaren eta hiriko etxebizitza parkearen garapenean. Guztira, 1.175 bat etxebizitza eraikiko dira, eta, tartean, babes ofizialeko 887 bat etxe.
Lanak egiteko epea 48 hilabete da; aurrekontua, 27,7 milioi euro; eta lanen arduraduna, Moyua-Amenabar aldi baterako enpresa elkartea. Irunvik inoiz esleitutako urbanizazio obra nagusia da hau, zenbatekoari dagokionez ez ezik, etxebizitza kopuruari eta zuzeneko inpaktuari dagokienez ere, hirian kalitateko etxebizitza publiko asko eta asko eraikitzea ekarriko baitu.
Obra Donostia kalean hasiko da, San Migel auzoan, eta han egingo diren lanek “Irunen etxebizitza publikoaren esparruan inoiz egin den operazio urbanistiko nagusiari hasiera emango diote”, Irungo alkate Cristina Labordak adierazi duenez: “Udala erabat zeharka heltzen ari zaio etxebizitzaren alorrean dugun arazoari, irundarrek beren bizi proiektua hirian bertan garatzen jarraitu ahal izateko baliabide posible guztiak jarrita”.
Alkateak azpimarratu duenez, “etxebizitza parkearen garapen hau aukera paregabea da hiri osoarentzat, eta otsailean hasiko diren lanak Udalak etxebizitza gaiekin eta irundarrekin hartutako konpromisoaren adierazgarri izango dira, etxebizitza berriez gain herritarrentzako ekipamenduak eta udal espazioak izango baitira San Migel – Anaka eremuan”.
Irunvi eremuaren garapena kudeatzeaz eta urbanizazioa kontrolatzeaz arduratuko da. Nolanahi ere, Irunvik urbanizazio gastuen % 22 bakarrik hartuko dute beren gain, eta gainontzeko ia % 80a beste sustatzaile publiko eta pribatu batzuek hartuko dute beren gain, hala nola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak.
Bi auzoen lotura
Urbanizazio berria ingurune kohesionatu eta batu bat eraikitzeko iritsi da. San Migel eta Anaka auzoen arteko loturak, oinezkoentzako espazio berrien, plazen, bizikleta-bideen, ekipamenduen, saltokien eta etxebizitzen bidez, hiriaren mendebaldea eraldatuko du.
Garapen horrek oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joan-etorriak egitea erraztuko du, auzoak elkartu eta espazioak hurbilduz. Auzokideen arteko topaketa eta belaunaldi berrientzat pentsatutako etxebizitzak erraztuko dituzten ekipamenduak izango ditu, eta horrek espazio publikoa eta bizitza urbanoa biziberritzea, gizarte-kohesioa indartzea eta tokiko ekonomia bultzatzea ekarriko du, 1.000 familia egoiliar berri etorriko direlako.
Urbanizazioa hutsune bat betetzera dator, luzaroegi egon baita degradazio-egoera batean, ingurune kohesionatu eta batua eraikiz.
Babes ofizialeko etxebizitzen operazio handiena
Urbanizazio-obrak Donostia kalean hasiko dira, eta eremu guztira zabalduko dira. Guztira 1.175 etxebizitza eraikiko dira gutxi gorabehera, eta horietatik 887 inguru babes publikokoak izango dira. Horrez gain, auzorako ekipamendu publikoak eraikiko dira, baita aparkaleku berri bat ere.
Jarduketak, gainera, eremutik kanpoko espazio publikoak berrurbanizatzea aurreikusten du, Jaizkibel kalearen inguruan eta Letxunborro hiribidearen zati batean, erdibitzailea iparralderantz mugiarazita eta bidegorriaren trazatu berri batekin, sekzioa bi noranzkoetara egokituta izango baitu, bizitegi-eremu berriaren ondoan eta korridore berde batekin batera. Proiektuak, gainera, oinezkoen pasabidea handitzea ere planteatzen du.
Azken batean, eraztun perimetral bat sortuko da (Donostia, Anaka eta Jaizkibel kaleak eta Letxunborro hiribidea), eta horri Luis de Uranzuren luzapena gehituko zaio, San Migel Anaka gurutzatuko duena Gibeanakako biribilgunearekin lotuz. Horietan sostengatzen dira ibilgailuen trafikoa, aparkalekua, garraio publikoa, ekipamenduak, etab.
Donostia kalea hiribide zabal bat bihurtuko da, eta berdeguneak izango ditu, eta erabilera desberdineko eremu publikoak ere izango dira. Urbanizazio-obrak urtarrilean hasita, eremu horretan aurreikusita dauden egikaritze-lan guztiei ekingo diete, etxebizitzen programatik hasi eta jarduketan aurreikusitako gainerako ekipamenduak barne hartuta.
Aipatu beharra dago joan den ekainean formalizatu zen 147 BOE eraikitzea aurreikusita dagoen partzela besterentzeko akordioa, eta Irunvik esleituko ditu erosketa erregimenean. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza 447 BOEren xehetasunezko azterlana tramitatzen ari da, alokairu erregimenean esleituko direnak, eta sustatzaile pribatuek dagoeneko tramitatu dute etxebizitza libreen promozioaren lehen faseei dagozkien eraikinen xehetasunezko azterlana. Horien aurreproiektuen berri eman du Udalak.



