Biok Txingudiren lehen garaipena iritsi da, baina modu benetan bitxian eta ezustekoan. Pasa den igandean, taldeak Bilboko Errekalde zelaira bidaiatu zuen Uni Bilbaoren bigarren taldearen aurka jokatzeko asmoz. Hala ere, norgehiagoka ez zen aurreikusitako moduan gauzatu, Bilboko lehen taldeak Erreginaren Kopako finalerdietarako sailkapena lortu zuelako. Ondorioz, klubak jokalari gehienak deitu zituen lehen taldearekin jokatzeko, eta bigarren taldeak zortzi jokalari besterik ez zituen izan eskuragarri.
Errugbiko araudiaren arabera, jokatzeko gutxienekoa bederatzi jokalari direnez, partida bertan behera geratu zen. Egoera honen aurrean, Lehiaketa eta Kirol Diziplina Batzordearen ebazpenak Biok Txingudi izendatuko du partidaren garaile. Zelaira hurbildu zirenez, bi taldeek entrenamendu saio bat partekatzea erabaki zuten bertan. Saio berezi horretan, Txingudiko honako jokalari hauek hartu zuten parte: Maddi Aginagalde, Lupe Pescador, Zumendi Caro, Naia Piquero, Sandra Ramos, Miren Fernandez, Alaia Santos, Alba Saiz, Maddi Garmendia, Garazi Santos, Naroa de la Fuente, Clara Lapìz, Laida Rodriguez, Irati Beraiz, Greta Gutierrez eta Lohitzun Aia.
Garaipen honek, ordea, ez du sailkapenean aldaketa nabarmenik eragingo, azkenaurreko postuan dagoen Hernanik sei puntuko aldea mantentzen baitu. Gainera, garaipen bitxi honekin amaitu da denboraldia Biok Txingudirentzat; izan ere, datorren asterako Gaztediren aurka iragarrita zegoen partida ez da jokatuko, gasteiztarrek Ohorezko B mailara igotzeko fasea jokatuko baitute.
16 urtez azpikoak azken faserako borrokan
Bestalde, albiste pozgarriak iritsi dira harrobitik. Larunbatean, Txingudi, Baztan eta Oreretako gazteek garaipen garrantzitsua erdietsi zuten Iruñean, La Unicaren aurka. Lehen zatian nagusi izan ziren bisitariak, bost entsegu eta eraldaketa bat lortuta; horri esker, 27 eta 12ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia orekatuagoa izan zen, eta talde bakoitzak entsegu bana lortu zuen arren, garaipenak ez zion ihes egin talde gipuzkoar-nafarraren batasunari.
Garaipen honekin, azken fasea jokatzeko aukerak bizirik mantentzen dituzte. Gaur egun bosgarren postuan kokatzen dira, sailkapeneko lehen lau postuetatik 8 puntura. Jokoan oraindik 10 puntu geratzen direnez, erronka zaila izan arren, taldea gogotsu dago azken jardunaldietan dena emateko eta helburua lortzeko.



