Gaur goizean Uranzu frontoian aurkeztu da NorthFit Irun crossfit txapelketaren hirugarren edizioa. Guztira, kirol honetako 500 bat zaletu bilduko ditu maiatzaren 25ean eta 26an egingo den txapelketak. Probaren aurkezpenean Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak eta Alberto Saseta eta Matias Biasco NorthFit Irun txapelketako ordezkariek parte hartu dute.
Borja Olazabalek adierazi duenez, Crossfit-a modan dago Irunen: “Horren erakusgarri da iazko NorthFit Irun txapelketan bizi izan zen giro ezin hobea, Uranzu pilotalekua jendez lepo beteta”. Kirol ordezkariak azaldu duenez, “urtero jarraitzaile gehiago batzen dituen kirola da eta erreferentziazko kirol diziplina gisa finkatzea lortu du”.
Guztira jatorri ezberdinetako (Madril, Kantabria, Valentzia) 332 gizon eta 180 emakume lehiatuko dira. Parte-hartzaileak 4 kategorietan banatuko dira: escalado, Intermedio, RX y Master +35. Probak hiriko hainbat agertokitan egingo dira, hala nola Azken Portuko igerilekuan, Uranzu frontoian eta kalean, Oxinbiribileko bidegorriaren inguruan.
Txapelketak 4 ekitaldi izango ditu, larunbata 25 eta igandea 26ean zehar banatuko direnak:
- Larunbata, 08.00etan, Azken Portuko igerilekuan eta Uranzu Frontoian.
- Larunbata, 16.00tan, Uranzu Frontoian.
- Igandea, 09.00etan, Uranzu Frontoian.
- Igandea, 12.30etan, finalak Uranzu Frontoian.



