Ekainaren 15era arte aurkeztu daitezke Iñigo Muguruza bekaren hirugarren deialdirako lanak

Dagoeneko argitaratu dira Iñigo Muguruza bekaren hirugarren edizioko oinarriak. Irungo Udaleko Kultura Arloak Udal Musika eta Dantza Eskola eta Kontserbatorioaren bidez jakinarazi duenez, beste urte batez artista irundar ezaguna bera eta musikari egin zion ekarpena omentzeko beka deitu da.

Nuria Alzaga Kultura ordezkariak adierazi duenez, “Lehengo bi edizioek oso emaitza onak izan zituzten, eta oso sentsazio onak utzi zizkiguten”. Kultur ordezkariak erantsi duenez, “beste edizio batera deitu dugu, berriro ere euskal esparruko musika modernoaren inguruko ikerketa sustatzen laguntzeko, Iñigo Muguruza handia gogoan betiere”.

Deialdi honen bidez, Irungo Udalak ikerketa/ekintza proiektuak sustatu nahi ditu euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoaren inguruan. Gainera, bekari Iñigo Muguruzaren izena emanda, irundar horrek musikari, konpositore eta Irungo Udal Musika Eskolako irakasle gisa egin zuen lan handia nabarmendu nahi du.

Bekaren irabazleak beka esleitu eta zortzi hilabete izango ditu gehienez ere ikerlana osatzeko. Entregatu beharreko emaitza askotarikoa izan daiteke formatuari dagokionez: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgazio materiala, lankidetza prozesua, partaidetza bidezkoa…). Bekaren zenbatekoa 9.000 euro da.

Pertsona fisikoek edo berariaz osatutako taldeek eska dezakete beka –taldeek (nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldeek) ikerlanaz arduratuko den zuzendari bat izendatu beharko dute–.

Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 15era bitartekoa izango da. Deialdiaren oinarriak eta entregatu beharreko material eta inprimakiak Udalaren webgunean daude, gainontzeko informazioarekin batera.

Irungo Udalak hainbat ikerketa bekatara deitzen du urtero: Iñigo Muguruzaren omenezko bekaz gain, baditu Serapio Mujika beka, Udal Artxibategiarena; Loidi beka, euskarari buruzkoa; Ribera beka, tandem estilokoa; Gazteartean beka; eta, berrikiago, Julia Iruretagoyena beka, berdintasunaren ingurukoa.

Aurreko deialdiak

Ikerketa musikalerako bekaren hirugarren edizioa izango da hau, 2020an sortu baitzen beka eta bi urtean behin banatzen baita.

Lehenbiziko edizioan, 2020an, Asier Suberbiolak irabazi zuen, musika eskola eta kontserbatorioetako irakasleen eta edozein instrumentu jotzen duten musikarien sormen eta inprobisazio musikala sustatu eta garatzeko eta Iñigo Muguruzaren obra ezagutarazteko proiektu bati esker.

Bigarren edizioan, 2022an, berriz, Eñaut Zubizarretak eskuratu zuen, musika hizkuntza modernoaren hastapenak zabaltzeko eta hari igurtziko instrumentuen komunitateari oinarrizko ezaupideak eta material didaktikoa eskaintzeko proiektu bati esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude