Biok Txingudik Emakumezkoen Euskadiko Errugbi Ligaren azken txanpa jokatuko du larunbatean Plaiaundin

Argazkia: Biok Txingudi eta Arrasate/Eibar Bren arteko partida (Egilea: James Morris).

Biok Txingudik larunbatean, maiatzaren 4an, Plaiaundin jokatuko du Emakumezkoen Euskadiko Errugbi Ligaren azken partidua. Martxoaren 17an jokatu zuten azkeneko partida Asier Gonzalezek zuzendutako jokalariek. Iruñearen aurka jokatu behar zuten partida bertan behera geratzeak aurreikusitakoa baino atsedenaldi luzeagoa izatea eragin du.

Hala ere, mugakoek denbora aprobetxatu dute atsedena hartu, lesioetatik errekuperatu eta geratzen zaizkien norgehiagokak prestatzeko. Txingudik, asteburu honetan, bigarren faseko B multzoko 5. jardunaldia jokatuko du etxean joaneko partidan gauzak erraz jarri ez zizkion Arrasate/Eibar B taldearen aurka.

Eibarko Unbe zelaian jokatu zen norgehiagoka hartan, orduan etxekoak zirenak partida kontrolpean izan zuten azkeneko txanpara iritsi arte. Orduan, mugakoek azken bultzada eman zuten eta markagailua iraultzea lortu zuten amaieran 28 eta 43 garaitzeko.

Asteburu honetako konpromisoa ez da batere erraza izango Biok Txingudirentzat, aurkariak emango dizkion buruhausteetaz aparte, hainbat baja aurreikusten dituztelako. Lea Etxebarrieta, Irene Goenaga, Lucia Durán eta Ainara Varelak arrazoi ezberdinengatik ezin izango dute jokatu eta Saioa Gartzia, Leire Muñoz eta Lupe Pescador ez dira lesioetatik errekuperatu.  Hala ere, taldea gogotsu eta konfiantzaz beterik dago ligako debuta ahalik eta hoberen amaitzeko.

Aurretik 16 urte azpikoak Ordiziaren aurka

Gabiria Txingudi/Baztanek 12:00etan Ordiziaren aurka jokatuko du Plalaundin ligako azkenaurreko jardunaldian. Goierrikoak bosgarren doaz sailkapenean, Txingudi/Baztanek baino hiru puntu gehiagorekin. Mugakoen garaipen bat taulan aurreratzea ekar lezake

Eskola Kontxako hondartzan igandean

Igande honetan Gipuzkoako topaketen azkeneko hitzordua izango du Txingudiren eskolak. Donostiako Kontxako hondartzan elkartuko dira Gipuzkoa, Errioxa, Nafarroa, Araba eta Iparraldetik iritsitako hainbat talderekin jokatzek 10:00etan hasiko da txapelketa eta Txingudi/Baztanek 10, 12, eta 14 urte azpiko taldeekin izango da ordezkatua bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude