Biok Txingudik garaipena lortuta hasi du bigarren fasea

Eguraldia ez zuten lagun izan Plaiaundin, baina emakumezkoen taldeak Gasteizen jasandako baldintzak are okerragoak izan ziren. Zero graduetatik gertu eta elurra zeriola hasi zuen Biok Txingudik Gaztedi Bren aurka ligako bigarren faseko partida.

Fase honetan, emakumezkoen errugbia sustapena bilatzen denez, norgehiagokak hamabi jokalariko modalitatean jokatu ahal izan dira. Gauzak horrela, Asier Gonzálezek Lucía Durán, Yaiza García, Maren Santa Cruz, Zumendi Caro, Lohitzun Aia, Lea Etxebarrieta, Aitana Garrido, Leire Muñoz, Laida Rodríguez, Naroa de la Fuente, Jessica Gómez eta Paola Vega zelairatu zituen. Aulkian Gaxi Famoso, Irati Lazkano, Gaia Morris, Maddi Garmendia eta Ainara Varela hasi ziren. Gorka Valdecantosek zuzendu zuen partida.

Gauza berriak probatzeko eguna izan zen Biok Txingudirentzat, eguraldia jokoaren lagun izan ez bazen ere. Frogak ez zitzaizkien gaizki atera eta hamargarren minutuan hartu zuten aurrea markagailuan Paola Vegak lortutako entsegu batekin, Leire Muñozek eraldatu zuena (0-7). Bost minutu geroago, Jessica Gómez hasiberriak bigarren marka egin zuen, Muñozek eraldatu zuena (0-14). 20. minutuan, debuta egin zuen jokalariak bere bigarren entsegua egin zuen 0 eta 19koa jartzeko markagailuan.

Pixkanaka, aldaketak egiten joan zen Txingudi, aulkitik jokalariak ateraz, baina baita ere zelaian zeudenak postu berrietan probatuz. Gaztedik intentsitatea igo zuen minutu horietan eta aldea murrizteko entsegu bat lortu zuen 35. minutuan. Atsedenaldia baino lehen, Paola Vegak eta Leire Muñozek beste zazpi puntu gehitu zituzten Txingudirentzat (5-26).

Bigarren zatian, jokoak ildo beretik jarraitu zuen eta, hasi eta bost minutuetara, Paola Vegak bosgarren entsegua lortu zuen (5-31). Partida erabakita zegoela ikusirik eta hotzak jokalariei eragindako ondoeza zela-eta, bi taldeek eta epaileak partida amaitutzat ematea erabaki zuten 50. minutuan.

Zaisa Txingudiren lehen porrota etxean

Iñigo Camareroren mutilek ez zekiten zer zen Plaiaundin galtzea, pasa den larunbatera arte. Zelaia baldintza oso desegokitan bazegoen ere, bi taldeek partida ikusgarria eta lehiatua egin zuten. Etxekoei defentsan aritzea tokatu zitzaien lehenengo zatian, bilbotarrek oso argi baitzeukaten zertara jokatu nahi zuten. Ostikada sakonekin mugakoen defentsa nahasten saiatu ziren, baina hauen eskurako jokoa era antolaketak bilbotarren erasoak zapuztu zituzten.

Hala ere, hamargarren minutuan, bisitariek alboko marraren ondoan zuloa aurkitu zioten defentsari lehenengo entsegua lortzeko (0-5). Bost minutu geroago, zigor kolpe bat eskura jokatu ondoren, bigarren marka iritsi zen, hagetatik gertu eta ostikatzaileak erraz egin ahal izan zuen eraldaketa (0-12).

Euri zaparradak, zelaiko lokatzak eta giro hotzak eskura jokatzeko zailtasun gehiegi izan ziren Zaisa Txingudirentzat eta ezin izan zuen punturik lortu lehenengo berrogei minutuetan. Atsedenaldian indarrak batu ondoren, iniziatiba hartu eta aurrera jo zuten. 47. Minutuan, touch-maul baten ondoren, Javi Paredesek aldea murriztu zuen entsegu batekin (5-12).

Etxekoen jokoa gero eta hobeagoa zen, baina Bilbok baloia Txingudiren hogeita biko eremuan sartzera jokatu zuen bere erdilarien ostikadekin. Honela, bidasoarrek markagailua iraultzeko aukerak murrizten joan ziren. Amaitzeko 4 minutu falta zirela, zigor kolpe bat gauzatu zuten bisitariek emaitza 5 eta 15ekoan uzteko.

Hasierako hamabostekoa Xabi Sánchez, Aitor Asurmendi, Aritz Rodríguez, Hodei Guerrero, Jon Mediavilla, Iker Tejero, Javier Paredes, Héctor Pescador, Ioritz Franco, Carlos Lora, Ekain Hiribarren, Román Solís, Teo Arruti, Andoni Quiñones eta Adur Manterolak osatu zuten. Aulkian Jon Sánchez, Unax Domínguez, Mikel Genua eta Carlos Pérez hasi ziren. Epailea Gaizka Caballero izan zen.

Gazte taldeak, 3 garaipen 3 partidatan

14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek aparteko eguna izan zuten. Gazteenek Iruñean 5 entseguko aldearekin menderatu zuten Iruña RC. Gabiria Txingudi/Baztan 16 urtez azpikoak aparteko garaipena lortu zuen Lekarozen Zarautz/Beltzak 48 eta 5 garaituz. Txingudi/Bera Bera 18urtez azpikoak Rioja menperatu zuen Plaiaundin 25 eta 12 emaitzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude