Kalean Bai programako kide den Bidasoa Atletiko Taldeak “Centro Deportivo y Salud Bat” ireki du Lekaenea kalean. Espazio bakar batean kirol eta osasun zerbitzuak bateratu dituzte: entrenamendu pertsonalak eta zuzendutako eskolak, fisioterapian, nutrizioan eta psikologian espezializatutako zerbitzuak. Ongizate fisiko eta mentaleko profesionalek osatutako lantaldearen bitartez, adin eta egoera fisikoko maila guztientzako soluzio integralak eskainiz.
Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerenteak azaldu duenez, gimnasioa edo osasun kontsulta baino gehiago izateko xedearekin sortu da espazio hau. “Denbora bat generaman ideia honekin buruan eta azkenean Plaiaunditik gertu lokal hau hartzeko aukera sortu zen”, azaldu du Ibon Muñozek. Klubeko gerenteak azaldu duenez, urteak daramatzate BATen irudia atletismotik, korrika egitetik eta lehiaketatik haratago eraman nahian.
Gorputza mugimenduan
Orain, leku ezberdinetara joan beharrik gabe, ongizate fisiko eta mentaleko helburuak landu ahalko dira. Horrela, ariketa fisikoari dagokionez, klase gidatuak zein entrenamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera eskainiko da. Ibon Muñozek adierazi duenez, zentroko erabiltzaileek modalitate hauen artean aukeratu ahalko dute: “Pilates, Glúteo Boom, Bizkar osasuntsua, Wushu, Emakumeen Defentsa Pertsonala, Global Stretching, KettleBell & Clubbell eta Vitalízate”.
“Entrenamendu pertsonalizatuak era askotariko jendearentzat pentsatuak daude, baina bakarkakoak edo taldekoak bereziki egokiak dira min jakinen bat duten horientzat”
Eneko Albisu, entrenatzaile pertsonala
Eneko Albisu entrenatzaile pertsonalak aipatu duenez, entrenamendu pertsonalizatuen barruan bi talde dituzte. Batetik, bakarkakoak edo bikotekoak eta, bestetik, taldekakoak. Entrenatzailearen hitzetan, “entrenamendu pertsonalizatuak era askotariko jendearentzat pentsatuak daude, baina bakarkakoak edo taldekoak bereziki egokiak dira min jakinen bat duten horientzat”. Beraz, Albisu entrenatzaileak erabiltzaileen askotariko profila azpimarratu du: “82 urteko emakume batetik hasita, 6 urteko haur batera arte”.
Osasuna lehenetsiz
Kirol eskaintza osatzeko, zentroan bertan kontsultak eta tratamenduak eskainiko dituzten osasun adituak batu dira proiektura. Hain zuzen ere, Aitor Aldaya fisioterapiaz, Ana Grandío nutrizioaz eta Sara Mariaezkurrena psikologiaz arduratuko dira. Ibon Muñozek zerbitzu horiek guztiak espazio bakarrean bateratzearen onurak azpimarratu ditu, arreta hobe bat eskaintzeko profesionalen arteko elkarlana erraztuko baitu.
“Zerbitzu hauek ez dira soilik BATeko kirolarientzat, interesa duen edozeinentzat dira”
Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea
Urriaren 25ean inauguratu zen Bidasoa Atletiko Taldearen zentro berria. Hala ere, Ibon Muñozek azpimarratu duenez, “zerbitzu hauek ez dira soilik BATeko kirolarientzat, interesa duen edozeinentzat dira”. Zentroa Lekaenea kaleko 28. zenbakian dago. Gehiago jakin nahi dutenek, webgunea kontsultatzeko, 625 261 351 edo 943 620 610 telefono zenbakietara deitzeko edo centrodeportivo@atletismobat.com helbide elektronikora idazteko aukera dute.



