Txingudi errugbi klubeko taldeek erronka handiak dituzte aurretik asteburu honetarako

Argazkia: Biok Txingudi eta Durango Ermarmotorren arteko partida Plaiaundin (Argazkia: Txingudi Errugbi Kluba)

Txingudi errugbi klubak erronka handiko asteburua du aurretik. Biok Txingudik Durangon jokatuko du larunbatean 16:00etan eta Zaisak Txingudik ordu erdi geroago hasiko du bere partida Iruñearen aurka. Beraz, asteburu honetan bi senior taldeek etxetik urrun jokatuko dute larunbatean.

Biok Txingudi bosgarren kokatzen da lau punturekin Euskal ligako lehenengo mailako bigarren fasean partida bat irabazi eta bi galdu ostean. Asteburu honetako aurkaria, Durango Ermarmotor, laugarrena da puntu bat gehiagorekin. Norgehiagoka zaila izango dela aurreikusten badute ere, lehenengo fasean bizkaitarrek lan handia egin behar izan zuten puntuak Plaiaundin eskuratzeko.

Zaisa Txingudik Iruña bisitatuko du ligako 11. jardunaldian. Mugakoak azken aurrekoak dira zortzi puntu eskuratuta, bi garaipen eta zazpi porroten bidez. Nafarrak igoera postuengatik borrokatzeko lehian daude 33 punturekin.

14 urte azpiko taldeak

14 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Gipuzkoako ligako bigarren fasea hasiko du larunbat honetan 10:30etatik aurrera La Unicaren aurka. Lau jardunaldi erabakigarriak jokatuko ditu taldeak fase berri honetan eta lehenengo bi postuetan sailkatzeko borroka egitea da haien helburua.

Euskadiko selekzioarekin

Txingudi/Baztan sub 16 taldeko jokalaria den Mattin Petrikorenak Euskadiko selekzioarekin jokatzeko deialdia jaso du. Larunbat honetan Autonomien arteko txapelketaren azkenengo jardunaldia jokatuko dute 16:30etatik aurrera Madrilen.

6 nazioen partidak

Asteburu honetan Europako errugbi txapelketarik ezagunena hasiko da Frantzia eta Galesek ostiralean 21:15etan jokatuko duten partidarekin. Larunbatean lehenengo jardunaldiko beste bi norgehiagokak jokatuko dira Eskozia eta Italiaren artean 15:15etan eta Irlanda eta Ingalaterraren artean 17:45etan.Txapelketa osoa Irungo Kale Nagusiko 11.ean dagoen Txingudi Rugby Tabernan ikusi ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude