Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua zutik mantenduko dute azkenean

Iturria: Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkartea.

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak jakinarazi du Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua mantentzeko hartutako erabakia. Espainiar Estatuko Ministroen Kontseiluak esparruaren eraisketari bete-betean eragiten dion trenbidearen pasabidea dagozkion izapideak onartu berri ditu, . 2018. Urtean salatu zen lehen aldiz Irungo kontzentrazio esparrua eraisteko asmoa. Orduz geroztik, eraikina botatzea saihesteko mozio, protesta eta Oroimen Gune izendatzeko eskaerak egin dira.

Kepa Ordoki MHBak baikortasunez eta oroimenez jaso du erabakia eta gogoratu du “zazpi urte behar izan dira arrazoizkoa zena berresteko”. Elkartetik gogoratu dutenez, 2018. urtean burutu zen Via Irun proiektua aipatuko zuen lehen parte hartze saioa, eta bertan salatu zen lehen aldiz Irungo kontzentrazio esparruaren eraisketa.

Borroka luzearen emaitza

Kontzentrazio esparrua zutik mantentzeko aldarrikapenean, egun esanguratsua izan zen 2022. urteko urriak 31. Egun honetan, Kepa Ordoki – MHB elkarteak «alarma gorria» piztu zuen Irungo Osoko Bilkuran. Hitza eskatu zuen hiriko 0.2.01 ENTORNO ESTACIÓN delakoaren Plan Orokorraren aldaketaren hasierako onarpenaren eztabaidan. Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Osoko Bilkura osatzen zuten alderdi guztiak interpelatu zituen, esparrua mantentzea bertatik igarotako milaka presoen duintasuna mantentzea zela, aldarrikatuz. Bertan bozkatutakoaren larritasunaren ondorioz, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak espainiar Gobernuko Oroimen Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari gunea Oroimen Demokratikoaren Gune izendatzea eskatu zion.

Ostera heldu zen Nicolas Guerendiain taldearekin batera aurkeztutako mozioa. Argiki eskatu zen Pequeña Velocidad «Irungo/Bidasoaldeko Memoria Historikoaren Gunea» bihurtzea. Udal Gobernua sustengatzen zuten alderdiek (PSE – EE eta Elkarrekin Podemos / Ezker Anitza – IU) bestelako mozio bat sustatu zuten, esparruaren «elementu adierazgarriren bat» mantentzeko zein gaur artean bildu ez den lan talde baten eraketa proposatuz.

Orduz geroztik ez da aurrera pausorik egon, 2024. urteko bukaera heldu arte. Irungo Udalak Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkartea bilkura batera deitu zuen. Bertan jakinarazi zen Pequeña Velocidad pabilioiaren 2/3 bere horretan mantenduko zirela. Gaur, berriz, hedabide batek aurreratu du Pequeña Velocidad mantendu egingo dutela.

Ondorioztapen eta promesak

Ibilbide honen ostean, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoa elkartetik adierazi dute, oroimen elkarte bati ez dagokiola alor urbanistikoaren baitako eztabaidetan sartzea: “eta hala gertatuz gero, gizarte osoaren galera zein hautetsien ukazioaren ondorioa da”. Era berean, oroimen historikoaren borrokak merezi duela azaldu dute, “herri honek jasan izan dituen basakeriak gogoan izan behar dira” adieraziz. Pequeña Velocidad mantentzea, bertan gauzatu zen errepresioa gogoan mantentzeko balioko duela azaldu dute.

Bestetik, Irungo Kontzentrazio Esparrua zutik mantentzeko borrokan ateak zabaldu dituen orori eskainitako denbora eskertu die Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Etorkizunera begira, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak 2022. urtean aurkeztu zuen Oroimen Demokratikoaren Gune izendatzeko eskaera gaurkotu eta administrazio ezberdinei helaraziko diela jakinarazi du. Hortaz gain, Irungo Kontzentrazio Esparrua eskualdeko oroimenaren interpretazio zentroa bihurtu behar dela uste dute: “horretarako Gogora Institutua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udalari dei egiten zaie, bildu eta lan egiten hasteko”. Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak asmo hori errealitate egiteko prestutasun osoa agertu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude