Ekologin proiektua logistika-eredu berria proposatzeko sortu da

Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bidez, Ekologin proiektua bultzatu dute egungo hiri-banaketako ereduak hobetzea, tokiko merkataritza sustatzea eta egoera ahulean dauden kolektiboei arreta emateko helburuarekin. Irtenbide kolaboratibo, iraunkor eta inklusiboen bidez, herritarren bizi-kalitatean eragin zuzena izango du. Mugikortasunaren forma berriak aztertzeko proiektua da, kolektibo zaurgarriei, adinekoei, zailtasunak dituzten pertsonei eta tokiko merkataritzari zuzendutako zerbitzuekin osatua.

Ekologin proiektua trantsizio ekologiko justu batean kokatzen da, Garapen Jasangarriko Helburuekin eta Nazio Batuen 2030 Agendarekin bat eginez. Digitalizazioa, iraunkortasuna eta gizarteratzea uztartzen dituen ikuspegi integrala proposatzen du, konektatuagoa, erresilienteagoa eta gizarte-kohesio handiagoko eskualde bat eraikitzeko.

Helburu orokorren artean honako hauek nabarmentzen dira: tokiko merkataritzaren online erosketak bultzatzea plataforma kolaboratiboen bidez (IrunMarket bezalakoak), banaketa-eredu iraunkorrak sustatzea ekonomia zirkularrean oinarrituta, mugikortasun urriko edo gaitasun digital txikiko pertsonentzat egokitutako banaketa-zerbitzuak aztertzea eta martxan jartzea, eta tokiko kalitatezko enplegua eta ekintzailetza sustatzea.

Horretarako, Ekologin sei ekintza-lerro osagarriren inguruan egituratzen da:

  1. Erosketa iraunkorraren inguruko sentsibilizazio-kanpaina
  2. IrunMarket plataforma onlinea indartzea
  3. Kolektibo zaurgarriei zuzendutako etxez etxeko zerbitzu berriak garatzea
  4. Banaketa iraunkorreko ereduak ezartzea
  5. Esperientzia integratzaileetako proiektu pilotu bat martxan jartzea
  6. Ereduaren erreplikazioa ahalbidetuko duten praktika onak transferitzea

Tailerra maiatzaren 30ean

Gaur egun kontsumo-ohiturei buruzko azterketa bat egiten ari dira, eta 3. Proiektuaren baitan, datorren maiatzaren 30ean entzute aktiboko tailer bat egingo da Irungo Commerce Lab-en, kolektibo zaurgarriekin. Jarduera giltzarria izango da inguruko benetako beharrak jasotzeko eta logistika-irtenbide humanoago eta errealitateari egokituagoak diseinatzeko.

Nuria Alzaga, Bidasoa aktibako lehendakariak, azpimarratu du Ekologin adibide bat dela berrikuntza pertsonen, ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren zerbitzura jartzen denean. “Eskualde konektatuago, iraunkorrago eta inklusiboago bat nahi dugu”, adierazi du.

Bestalde, Estitxu Urtizberea lehendakariordeak azpimarratu du Irun eta Hondarribiko Udalek gertuko merkataritzarekiko eta pertsona zaurgarriekiko duten konpromisoa horrelako proiektuetan islatzen dela, etorkizunera begiratzen duten bitartean lurraldearekiko lotura galdu gabe.

Fernando Zubillaga, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendariak, adierazi duenez: “Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren aldetik EKOLOGIN bultzatu eta koordinatu dugu. Funtsezkotzat jotzen dugu pertsonak eta iraunkortasuna elkarrizketaren erdigunean jartzea ahalbidetuko duten aliantzak sustatzea. Horrela soilik egingo dugu aurrera logistika-zerbitzu inklusiboago eta iraunkorragoetara, euskal gizartearen beharrei erantzuteko eta Euskadi lurralde lehiakorrago bihurtzeko”.

Badoako Susana azpimarratu du:“Ekologinen parte hartzea aukera bat da beste logistika mota bat posible dela erakusteko: gertuko logistika, aurpegia duena eta emisiorik gabea. Bizikletaz egiten dugun entrega bakoitzak karbono aztarna murrizteaz gain, komunitatea ehuntzen du, merkataritza eta pertsonak konektatzen ditu eta hiri-gunea erabilera atseginago eta iraunkorrago baterako berreskuratzen du”.

Ekologin proiektua 2025 eta 2026 artean garatuko da, Kutxa Fundazioaren 2024ko erronka ekosozialetarako laguntza-deialdiaren barruan, eta honako erakundeek osatutako partzuergo batek garatuko du: Bidasoa bizirik, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Basque Food Cluster, Badoa, Gipuzkoako Farmazia Banatzailea eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofiziala. Horrez gain, Iruneko Udala, BDS KOOP, Sareen Sarea eta Garapen-en lankidetza izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude