Via Irun – Hiria Gara proiektua sustatzeko saio kolektiboetako bigarrena antolatu da. Irungo Udalak eta Zaisak antolatuta, hiri-barruti berritzaileetan aditua den Paul Jansenek emandako hitzaldia izan da. Hiriko berrogeita hamar eragile publiko eta pribatu inguru bertaratu dira, Via Irun – Hiria Gara ekimena bultzatzen duen eta indarra ematen dion elkarlan publiko-pribatuaren erakusgarri.
Hiri-Barruti Berritzaileak hiria garatu eta eraldatzeko eredu bat proposatzen du hiriko trenbidearen inguruan, ekonomiaren garapena, prestakuntza eta ekintzailetza sustatzera bideratuta. Iragan apirilaren 15ean egin zen zikloko lehen bilkura, Josep Mª Piqué hiri-barruti berritzaileetako adituarekin.
Jardunaldiari hasiera emateko hitzartzean, Cristina Laborda Irungo alkate eta Zaisako presidenteak esan duenez, jardunaldi hauek «aukera ematen digute sustatu nahi dugun hiri-.barruti berritzailearen ikuspegia aberasteko, nazioarteko esperientzietatik ikasteko eta, batik bat, beste modu batean begiratzen hasteko, proiektu hau hiriaren eraldaketa ekonomiko-sozialerako motorra izan dadin».
Paul Jansen urbanismoan aditua Aduana zaharraren ingurua bisitatzen egon da gaur, eta esan du «esperantzagarria» dela eremu horretan Via Irun hiri-barruti berritzailea instalatzeko planteamendua. «Garrantzitsua da eraikin batekin hastea, proiektuaren hasiera irudikatzeko, eta, aldi berean, beste eragile publiko-pribatu batzuen atxikimendua lortzea», nabarmendu du.
Jansenen aburuz, ideia ona da Via Irunen balio-proposamen bat egitea garraioaren, mugikortasunaren eta logistikaren arteko lotura-puntu posibletik abiatuta, hiru profil horiek komunean zer puntu dauzkaten aztertzea eta teknologia berrienak azpisektore horietara nola aplika daitezkeen ikertzea.
Paul Jansenek planteamendu horietarako gobernamendu argia aldeztu du, «baina oso garrantzitsua da, halaber, unibertsitateek eta enpresek ere berrikuntza-barruti horren diseinuan parte hartzea. Ezin da ekimen publikoa bakarrik izan», gaineratu du.
Hitzaldian, gainera, begirada zabalarekin lan egin beharra aipatu du, kontuan izanik hiri-eraldaketa hauek 20 edo 30 urteko aldiak dituztela. Hori dela eta, estrategia malgu batekin lan egitea komeni dela uste du, eta ez gidaplan itxi batekin, hori berrikusi beharko litzateke eta. «Irizpide malgu batzuk baditugu abiapuntu, dena errazago bideratuko da. Tartea utzi behar zaio, beraz, malgutasunari, estrategiaren baitako elementuen arabera gidatuko baita guztia», adierazi du.
Via Iruneko hiri-barruti berritzailea
Via Irun – Hiria Gara proiektua fase berri batean sartu zen iragan abenduan, administrazioek sinatutako trenbide-integrazioko akordio historikoaren ondotik, ADIFen, ETS Eusko Trenbide Sarearen eta Irungo Udalaren arteko protokoloaren arabera. Hortaz, jardunaldi hau aukera bikaina izan da ikuspegia zabaltzeko eta gertu-gertutik ezagutzeko hiriak ezagutuko duen asmo handiko hirigintzako operazioa, Via Irunen bidez hiri-eraldaketa handi bat gauzatuko baita trenbide-zabaltzaren gainean.
Hirigintza planaren izapidetzeak aurrera egiten jarraitzen du, eta orain unea iritsi da berrikuntzako hiri-barrutiaren definizioan ere aurrera egiteko, ekonomia jarduerara, prestakuntzara eta berrikuntzara bideratutako espazio hori funtsezkoa izango da eta hiriaren etorkizuneko garapenerako.
Aduana zaharra hiri-barruti berritzailea garatzeko estrategia-zentroa edo «hub»-a izango da, berrikuntzaren, kohesio ekonomiko eta sozialaren eta eraldaketa digital eta ekologikoaren premisen arabera diseinatuta.
Ekipamendu hori hiri-barruti berritzailearen motor publikoa izango da, eta bertatik bideratuko da eremuaren birgaitze urbano osoa. Jarduera ekonomikoetara bideratuko dira bertako 34.850 m2, etxebizitza libre eta sozialera 25.400 m2 eta parkeetara 25.000 m2.
Paul Jansen
Paul Jansenek 24 urteko esperientzia du munduaren luze-zabalean campusak, parke zientifikoak eta berrikuntza-barrutiak diseinatzen, eta arkitektura eta ingeniaritzaren alorrean mundu mailako liderren artean dagoen Arup enpresaren zuzendaria da.
Prestakuntza sendoa du hiriko ekonomiaren alorrean, eta espazio berritzaile ugari garatzen lagundu du, hala bezero publikoentzat nola pribatuentzat. Horrez gain, ezagutza sakona du campusak, berrikuntza-barrutiak eta parke zientifikoak garatzen eta kudeatzen.
Herbehereetan, funtsezko rola izan du proiektu garrantzitsu askotan, horien artean aipatzekoak dira Amsterdameko zortzi barruti berritzaileak sortzea, barruti berritzaile modernoen elementu guztiak barne hartuta, hala nola programazio sozioekonomikoa, gobernamendua eta finantzaketa. Campusetako ekosistemak babesten dituzten eskualdeko arrisku-kapitaleko funtsentzako bideragarritasun-azterlanak ere zuzendu ditu.



