Atzo ekin zioten Solas Jolas Udalekuek udako bigarren txandari; uztailaren 30ean amaitu zen lehenengoa. Udaleku hauek udan zehar eta jarduera ludikoen bidez euskararen erabilera sustatzen dute, aisialdiko hainbat ekintzekin. Gaur goizean, Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak Lekaenea ikastetxean programan parte hartzen diren gazteak bisitatu ditu.
Guztira, 68 haur daude sei taldeetan bananduta Lekaenea LHI ikastetxean zortzi hezitzaileren ardurapean, koordinatzaile baten antolaketa lanekin. Hilabete honetako gaia Musika izango da eta hainbat txango egingo dituzte; hala nola, Arditurri meategietara bisita, Albaola Itsas Kultur Faktoriara irteera, igerilekura eta hondartzara.
Josu Iguiñizek azpimarratu duenez, “Solas Jolas udalekua aukera paregabea da oporretan hiriko gazteek euskaraz mintzatzeko. Euskara ordezkariak azpimarratu duenez, “bi hilabete hauetan egiten den lana handia da euskara sustatzeko eta gure hizkuntzak hirian behar duen lekua izateko”.
Uztaileko txanda
Uztailaren 30ean eman zuen azken agurra lehenengo txandak. Hilabete horretan zehar ekintza ugari egiteko aukera izan zuten gazteek, hezitzaileekin batera; besteak beste, hondartzara eta igerilekura joan ziren, Eureka Zientzia Museoa bisitatu zuten, eskalada saioa eta Pagoeta eta Cristina Eneara natura parkeak ezagutzeko txangoak egin zituzten… Belaskoenea LHI, Dunboa HH, Eguzkitza BHI, Elatzeta LHI, Lekaenea LHI, Toki Alai HH eta Txingudi LHI izan dira uztaileko taldeen kokalekua.
Gainera, parte hartu duten talde ezberdinen gidaritzapean izan diren hezitzaileek euren egunerokotasuneko hizkuntza ohituretan eragiteko ardura izan dute. Horretarako, hainbat estrategia eta teknika erabili dituzte: euskararen mikrofonoa, asmakizunak eta txisteak, euskarazko kantak, eta abar. Horrez gain, euskararekiko atxikimendua eta motibazioa indartzeko ‘Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik’ gaia izan dute funts.
Euskara ordezkariaren hitzetan, “udalekuetako parte hartzaileen errealitate soziolinguistikoa plurala den heinean, 2025eko udaleku irekiek uztailean zehar euskal identitatea jarri dute erdigunean, euskal nortasuna ulertzeko, bizitzeko eta definitzeko askotariko moduak daudela oinarri hartuta”. Era horretan, udalekuen egunerokoa tresna ezin hobea izan da haurrengan euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko eta norberaren identitatean eragiteko ohiturak, pertsonaiak, kondairak, sinesmenak eta festak baliatuz.
561 parte-hartzaile
Datuei begira, udan zehar 561 gazteek (41 talde) parte hartuko dute Solas Jolas udalekuetan 86 hezitzaileerekin eta 12 koordinatzaileerekin.
Gogoan izan beharra dago Irungo Udalak erabiltzaileen ahalmen ekonomikoan oinarritutako ordainketa sistema ezarri duela horrelako zerbitzuetan: erabiltzaileen diru sarreren eta ondarearen araberako tarifak. Horregatik, herritarrek nahi badute Udalak azter dezan zer tarifa dagokien, eskaera egin beharko lukete, beste zerbitzuetarako ere balio baitu, baita datorren urterako ere.



