Uni Bilboren kontrako porrotak Zaisa Txingudiri igoera lortzeko helburua zaildu dio

Argazkiak: Zaisa Txingudi eta Uni Bilbo Cren arteko partida (Argazkia: Txingudi errugbi kluba).

Zaisa Txingudik Uni Bilboren aurkako partidua 12-18 markagailuarekin amaitu zen. Plaiaundin, hau da, etxean jokatutako partidua izan arren, garaipenak ihes egin zien Txingudikoei. Horrela, Uni Bilboren hirugarren taldea garaile izan zen.

Porrot honen ondoren, igoera lortzeko helburua zailtzen zaio Zaisa Txingudiri, laugarren kokatzen dena 11 punturekin, hirugarrena den Sortzen C taldeak 6 puntuko aldea dauka beraiekin eta, atzetik, La Unica eta Gaztediren bigarren taldeak ditu puntu bakarrera.

Zaisa Txingudik André Ferreira, Aitor Asurmendi, Joao Costa, Asier Amigo, Jon Mediavilla, Peio Castellano, Imanol Rodriguez, Juan Carlos Lora (kapitaina), Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Ekain Hiribarren, Unai Herrero, Keoma Pacheco, Eneko Martinez eta Odin Gutierrez zelairatu zituen partidaren hasieran. Aulkian Iker Tejero, Pablo Besga eta Asier Gonzalez hasi ziren. Xabier Bujanda izan zen epailea.

Norgehiagokaren hasiera etxekoena izan zen guztiz, baloiaren jabetza mantenduz eta metroak irabaziz lehenengo puntuak lortu arte. Hamargarren minutuan, Unai Herrerok markagailua ireki zuen entsegu batekin, “Lutxo” Echevarriak eraldatutakoa (7-0) eta, hamasei minutu geroago, Joao Costak bigarren marka lortu zuen (12-0). Hogeita hamargarren minutuan, Txingudiren jokoa guztiz aldatu zen, fase guztiak menderatu eta metroak irabaztetik, plakaje eta paseetan hutsak egitera, puntuak aurka jasotzen hasiz. Atsedenaldira iristear zirela, bilbotarrek beraien lehenengo entsegua lortu zuten, aldea txikituz (12-5).

Bigarren zatian etxekoak zalantza askorekin hasi ziren eta bisitariak eraman zuten iniziatiba. Zaisa Txingudiko jokalariek kontzentrazioa galtzen hasi ziren eta aurkako zigor kolpeak gero eta ugariagoak izan ziren. Hauetako kolpe bat baliatuz, Uni Bilbok hiru puntu gehitu zituen bere kontura hagen artean ostikatutako falta batengatik (12-8) eta, hiru minutu geroago, emaitza irauli zuen bigarren entseguarekin (12-13).

Mugakoen erreakzioa ez zen berehalakoa izan eta, metroak irabazten lortu zuten, baina bilbotarrek defentsan erakutsitako intentsitateak gora egin zuen, etxekoen erasoak geldituz. Hirurogeita bederatzigarren minutuan, bizkaitarrek aldea handitu zuten beste entsegu batekin (12-18). Azkeneko hamar minutuetan, Txingudi behin eta berriz saiatu zen garaipena eskuratzen, baina baloia entsegu-eremura ez zen iritsi, emaitza 12 eta 18an amaituz.

Asteburu honetako erronkak

Asteburu honetako agendan, maila ezberdinen partidak izango dira. Igande honetan, 12:00etan, Iruñan jokatu beharko du Zaisa Txingudik Euskal ligako hurrengo jardunaldia. Emakumezkoen taldeak igandean 12:00etan jokatuko du baita ere Getxon, bertako bigarren taldearen aurka.

Plaiaundin 14 eta sub 16 urtez azpiko taldeak arituko dira larunbatean. 11:00etan gazteenek Atletico San Sebastian jasoko dute etxean eta, segidan, Txingudi/Orereta/Baztan 16 urtez azpikoak Uribealdearen bisita izango dute Irungo berdegunean.

Marko Unhassobiscayren Oroimenez

Klubetik doluminik zintzoenak adierazi dituzte Marko Unhassobiscay jokalari ohiaren familia eta lagunei. Arrangoitzetik iritsia, 2004 eta 2011 bitartean klubeko jokalari nagusienetakoa izan zen Unhassobiscay.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude