Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak IAM pabiloiaren eraikuntzari eta Plaiaundiko kirol instalakuntzen lekualdaketari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartu ditu. Batetik, udalak IAM pabiloiaren oinarrizko proiektua eta gidaplana idaztearen enkargua egin ditu. Bestetik, Plaiaundiko intalakuntzak txenpereneara lekualdatu arte, Plaiaundiko pista osorik berritzen amaitzeko lanak enkargatu ditu.
Irungo Udalak, urtarrileko osoko Bilkuran, aho batez onartu zuen IAM pabiloiaren, Plaiaundiko atletismo pisten eta errugbi zelaiaren leku aldaketa Txenpereneara eta hiriko kirol-instalakuntzen zuzenketa. Honek Irunen berritzearen beharra aurreikusten zuen kirol-azpiegitura berriekin, hain zuzen ere.
Mozio hori ere aho batez onartu zen martxoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Udalak aldez aurretik erabakitakoa babestuz. Honek, sei hilabeteko epean, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Irungo Udalarekin lankidetzan aritzeko eskatzen du, IAM pabiloiaren proiektua gauzatzeko, eta lehenengo bi administrazioek 1993an Irun eta Hondarribiko Udalekin sinatutako Lankidetza Hitzarmena berritzeko.
Orain, Irungo Udalak, bi proiektu estrategiko hauek hirian zertzeko pausoak eman ditu, gainera Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Horrela azaldu du gaurkoan hiriko alkatea den Cristina Labordak komunikabideen aurrean: “guk dagoeneko bete dugu gure zatia Udal gisa. Bi enkargu egin ditugu, alde batetik, IAM pabiloiaren oinarrizko proiektuarena, eta, orain, pabiloiaren gidaplanaren idaztearena”. Gainera, alkateak gogoratu du maiatzeko kreditu aldaketan 40.000 euro gaitu zituztela kirol-ekipamenduen plan bat idazteko. “Hori guztia, gainerako erakunde lotuekin hitz egiten ari naizen bitartean, bi proiektu estrategiko horiek errealitate izan daitezen”, erantsi du Labordak.
Plaiaundiko atletismo pisten berritzea
Udalak, Txenpereneara leku aldatzea gauzatu arte, 190.000 eurotik gorako prezioan Plaiaundiko atletismo pista berritzeko lanak kontratatzea onartu du. Tokiko Gobernu Batzarrak atzo hartutako erabakietako bat da, eta 2023an 100 metro berritzeko egindako lanei jarraipena ematea du helburu; horrela, pista guztiz berrituko da. Zehazki, egungo zolagaina eta altzariak kendu eta ordezkatuko dira, baita pistaren barrualdea inguratzen duen aluminiozko zintarri osoa ere.
Hiriko alkate Cristina Labordak Plaiaundiko kirol instalazioak Txenperenera lekualdatu beharraren garrantzia azpimarratu du berriro: “berritze lanak egin beharrak adierazten du pisten lekualdaketa funtsezko eta beharrezko proiektua dela hiriaren garapenerako. Egunero erabiltzen dituzten taldeek oso baldintza eskasetan erabiltzen dituzte, eta gure betebeharra da Txenpereneko eremu berrira lekualdatzea, gaur egun ingurune natural eta babestu batean baitaude eta badira-eta urteak herritarrei zor diegula. Instalazioak lehenbailehen lekualdatzeko lanean jarraituko dugu, lehentasunezkoa iruditzen baitzaigu”.
Martxoan, Udalak hasierako onespena eman zion Txenpereneko hirigintzako jarduketa programari, urbanizazio aurreproiektu bat barne, 27,8 milioi eurotik gorako aurrekontua kalkulatzen zuena lanak egiteko.
Proiektu horri esker, kirol instalazioak aurrez eraiki ahalko dira, eta fase batzuk aldi berean gauzatu, baita urbanizazio lanak eta etxebizitza publikoak eta pribatuak eraikitzeko lanak aldi berean egin ere; guztira, 850 etxebizitza eremu osoan, zeinaren % 78 publikoak izango diren.
Txingudiko Plan Bereziaren Mahaiaren azken bileran, apirilaren 30ean, alkateak 1993an sinatutako lankidetza hitzarmena berritzera hertsatu zituen Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko operazioak finantzatzeko akordioa jasotzen du hitzarmen horrek, eta, haren arabera, Eusko Jaurlaritza finantzaketaren % 30ez arduratuko da; Gipuzkoako Foru Aldundia, % 50ez; eta Irungo Udala, gainontzeko % 20az.
IAM pabiloiarentzat beste pauso bat
Irungo Udalak IAM pabiloia eraikitzeko gidaplanaren kontratazioa onartu du, formatu handiko kirol eta kultur jarduerak eta jarduera sozialak antolatzeko azpiegitura berri baten oinarri estrategikoak finkatzeko.
Plana 66.550 euroan gehienez ere sei hilabetean prestatzea aurreikusten da, eta bide orri bat izango da: proiektuaren helburu orokorrak eta espezifikoak finkatuko ditu, proposamen funtzional eta arkitektonikoa, kudeaketa eta ustiapen eredu posibleak, bideragarritasun ekonomikoa, eta lanak egiteko kronograma
Pleguekin bat etorriz, oinarrizko proiektuarekin batera prestatuko da, harekin koordinatuta –gaur egun, lizitazio fasean dago oinarrizko proiektua–, bi lanen arteko koherentzia tekniko eta estrategikoa bermatzeko. Aurrez, Udalak txosten tekniko bat enkargatu zuen, aurreproiektu moduko bat, pabiloiaren bideragarritasunaren oinarrizko alderdiak aztertzeko, eta, maiatzeko osoko bilkuran, Plan Orokorraren aldaketa puntual bat onartu zuen, pabiloia kokatzeko.
Esan bezala, Udalak martxan jarri du eraikinaren oinarrizko proiektuaren idazketa lizitatzeko prozesua, baita beharrezkoak diren harguneen eta lanek erakustazokako jardunean izango dituzten ondorioen azterketa eta kanpoko urbanizazio lanak egiteko aurreproiektuaren prestakuntza ereAzken batean, Udala aurrera doa IAM pabiloi berria zehazten, Irunek eta lurralde osoak erreferentziazko gune bat izan dezaten ekitaldi handiak erakartzeko eta hiriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoa dinamizatzeko.



