Udalaren flotaren % 39 ibilgailu berdeak dira dagoeneko

Udalaren ibilgailu flotaren elektrifikazio-prozesua aurrera doa. Azken berrikuntzak aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean San Juan plazan Borja Olazabal Irungo Udaleko Hiri Garapen, Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkaria eta Sergio Javier Gobernu Irekiko ordezkaria.

Olazabalek nabarmendu duenez, «Irungo Udalak irmo jarraitzen du aurrera ingurune gero eta jasangarriagoak sortzeko lanean, baita Udalaren ibilgailu flota energiaren aldetik eraginkorrak eta egokiak diren ekipamenduz hornitzeko unean ere. 2015ean ekin genion bide horri, eta urterik urte apustua berretsi dugu, ibilgailu berriak txertatuta. Iaz, esaterako, lau furgoneta elektriko berri erosi genituen, eta aurtengo urrian lau motozikleta elektriko eskuratu genituen Udaltzaingoarentzat, beren egitekoetan erabil ditzaten».

«Ibilgailu horiek erostean, jasangarritasuna da irizpideetako bat, baina ez bakarra: Udaleko langileentzako hobekuntza nabarmenak ere bilatzen ditugu, eta horregatik bestelako faktore batzuk ere aztertzen ditugu, hala nola elektrizitate-kontsumoa edo kargatzeko denbora eta motorren potentzia, eskainitako ekipamenduaren segurtasunaz gain», esan du, bestalde, Gobernu Irekiko ordezkariak.

Oraintxe, Udalaren flotaren % 39 ibilgailu berdeak dira (% 100 elektrikoak, hibrido entxufagarriak eta ez-entxufagarriak). Gauzak horrela, Udalaren flotaren ibilgailu jasangarrien ehunekoak ia 10 puntu egin du gora aurreko urte amaieratik.

Zortzi ibilgailuk Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) dirulaguntza izan dute, mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programako deialdiaren barruan, NextGeneration EU Europako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan (MOVES III programa). Dirulaguntza 72.000 euro izan dira guztira.

Aurrekari jasangarriak

2010eko irailean, Irun Alkateen Itunera atxiki zen. Horren bidez, udalerri sinatzaileek konpromisoa hartu zuten CO2 emisioak % 20 murrizteko 2020rako.

Ondoren, Udalak konpromiso hori berretsi zuen Klima eta Energia jasangarriaren aldeko Alkateen Itunarekin bat eginda, eta 2022ko azaroko osoko bilkuran Klima eta Energia Jasangarriaren aldeko Irungo Ekintza Plana onetsi zen, 2030era arteko estrategia klimatikoa ezartzeko.

Bestalde, araudiak zenbait neurri jasotzen ditu, administrazioen flota berritzean ibilgailu jasangarriagoak sustatzeari zuzenduak. Esate baterako, EAEko jasangarritasun energetikoari buruzko legeak (otsailaren 27ko 4/2019) 2020tik aurrera erosten dituzten ibilgailu guztiek erregai alternatiboak erabiltzeko betebeharra ezartzen die administrazioei.

Bide beretik doa Euskadiko mugikortasun jasangarriari buruzko legea (azaroaren 9ko 11/2023), ezartzen baitu administrazio publikoek gutxien kutsatzen duten eta jasangarrienak diren ibilgailuen erabilera sustatuko dutela. Horretarako, garraio kolektiborako erabiltzen diren ibilgailuak berritzean, erregai alternatiboak erabiltzen dituztenak erosiko dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude