Palmera Montero guneak urriaren 31ra arte “Pequeña Velocidad” kontzentrazio esparruari buruzko erakusketa hartuko du

Urriaren 31ra bitartean “Pequeña Velocidad” kontzentrazio-esparruari buruzko argazki erakusketa ikusi ahalko da Palmera Montero gunean. “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatutako erakusketa honetan Gipuzkoan zutik geratzen de kontzentrazio-esparru bakarra hobeto ezagutu daiteke. Palmera Montero gunea astelehenetik ostiralera zabalik dago 8:00etatik 22:00etara eta larunbat eta igandetan 10:00etatik 14:00etara 16:00etatik 20:00etara.

Pabiloi hori Irunen kontzentrazio-esparru gisa erabilitako tokietako bat izan zen. Mugako hiria zenez, erbestetik etorritako milaka errefuxiatuk muga igaro eta hainbat instalaziotan sartzen zituzten, identifikatzeko, sailkatzeko eta hurrengo helmuga erabakitzeko (kartzela, beste kontzentrazio-esparru batzuk, askatasuna…).

Irunen izan ziren atxikipen-eremu gisa erabili ziren instalazioak: Stadium Gal, Hilaturas ferroviarias (emakumeentzako eta haurrentzako zelaia), Behobia, Elgorriaga txokolate fabrika, Irungo espetxea. Gaur egun, Pequeña Velocidad da Gipuzkoan zutik geratzen den kontzentrazio-esparru bakarra, eta Udalak hura eraisteko asmoa du, Via Irun hirigintza-proiektuaren barruan.

2021ean, “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkarteak mozio bat aurkeztu zuen pabiloi hori mantentzeko eta bertan memoriaren museo bat sortzeko. Aurtengo udaberrian, Kepa Ordoki beste elkarte memorialista batekin batera, pabiloi hori ez eraisteko eta oroimenerako leku izendatzeko eskatu zen. Mozio hori atzera bota zen. “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkarteak pabiloi hau mantentzeko lanean jarraitzen du eta Eusko Jaurlaritzari Memoria Leku izendatzeko eskatuko dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude