2026ko FITUR azokan aurkeztuko da Irugurutzetako Labeen proiektua

Irungo alkateak, Cristina Labordak, FITUR 2026 azokan aurkeztuko du Irugurutzetako Labeen proiektua, bere interpretazio-zentro berriarekin batera, turismo-proposamenaren apustu nagusi gisa. Irun presente egongo da turismoko arloaren nazioarteko bilkura nagusienetako batean, zeina urtarrilaren 21etik 25era bitartean egingo baita. Urtarrilaren 22an egingo den aurkezpenak aukera emango du kokagune berezi hori ezagutzera emateko baliabide estrategiko gisa, hiriaren eskaintza kultural eta turistikoaren parte.

Proposamen hori Irungo industria-, meatze- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuaren barruan kokatzen da, hain zuzen ere. Proiektuak, labeen eta beren ingurunearen eraberritzeaz gain, Interpretazio Zentro berritzaile bat hartzen du, erakusketa-gelekin eta ikus-entzunezko baliabideekin batera.

Irunek urtarrilaren 22an aurkeztuko du FITUR 2026 azokara eramango duen proposamena, Basquetour agentziaren ‘Euskadi Basque Country’ izeneko stand-ean, IFEMAko 9. pabiloian. Azoka hori primerako aukera da helmuga turistikoek beren eskaintza eta urteko berrikuntzak aurkez ditzaten. Horrekin batera, erreferentziazko gunea izaten jarraitzen du bai arloko profesionalentzat baita publiko orokorrarentzat ere, egun horietan dagoen jende-kopuru handia dela-eta.

Ondare historikoa

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “iaz Oiasso Museoko terma erromatarrak eraman genituen FITURera, eta aurten, beste proposamen berritzaile bat aurkeztuko dugu turismorako erakusleiho bikain honetan, gure hiriaren turismo-eskaintza osatzeko. Gure meatzaritza- eta industria-iragana erakusten jarraituko dugu, bai eta gure ondarea ere. Izan ere, horiek guztiek balio handiagoa hartu dute Irugurutzetako labeak martxan jartzearekin batera, labeak eraberritu baitira eta interpretazio-zentro berria ireki baita”, adierazi du Cristina Laborda alkateak.

Irugurutzetako enklabeak Gipuzkoako kaltzinazio-labeen multzorik handiena du (horien artean bederatzi mantendu dira), bai eta meatze-galeria kopuru handi bat ere; dokumentazioaren arabera, meatze horietan aktibitatea egon da erromatarren garaitik gutxienez, eta garapen nabarmena izan zuten XX. mendearen hasieran. Ondare historiko hori proposamen turistikoaren oinarria izango da, Irungo industria- eta meatze-nortasunera lotutakoa.

Proiektuaren emaitza

Proiektu honetarako aurreikusitako jardueren artean, nabarmenena izango da labeak eta beren ingurunea eraberritzea, museo-guneak eta interpretazio-zentro bat sortuz. Gune horiek datozen hilabeteetan jarriko dira martxan, eta hainbat baliabide izango ditu, besteak beste: erakusketa-gelak, seinale egokituak, ikus-entzunezko baliabideak, jarduera didaktiko eta interaktiboak, eta bisita gidatuetarako programa bat.

Proiektuak, halaber, kokagunearen irisgarritasuna hobetuko du. Horretarako, alde batetik, bideak eta plataformak egokitu egingo dira; eta, bestetik, Txikito Trena jarriko da martxan, zeinak aukera emango baitu ibilbide jasangarria egiteko Irungo eremu erromatarretik Irugurutzetako meatze-eremura.

Irugurutzeta: ondare industrial eta kulturalaren eta meategietako ondarearen balioa proiektua Jasangarritasun Turistikorako Lurralde Planaren (JTLP) 2023ko deialdian hautatua izan zen, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan. Europar Batasunak finantzatu du osoki, 2 milioi euroko inbertsioarekin. Haren helburua da balioa ematea Gipuzkoako eta Euskadiko industria-ondarearen parte esanguratsuenetariko bati.

Sariari ohore eginez

FITUR 2026 azokan aurkeztearen bitartez, Irungo Udalak turismo jasangarri eta berritzailearekiko duen apustua bermatzen du, betiere ondarearekin lotuta; eta, aldi berean, Irugurutzeta erakarpen-gune kultural eta turistiko gisa plazaratzen du. Garapen kultural, turistiko eta ekonomikorako funtsezko baliabide hau aurkeztuz, ondare-eskaintza gero eta handiagoa osatuko da, Irungo herritarrek zein kanpoko bisitariek ikus dezaten.

Ildo horretatik, Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariak eta Bidasoa Activa erakundeko lehendakariak honako hau nabarmendu du: “Irugurutzetako labeen proiektua FITURen aurkezteak argi erakusten du zein den Irunen sortzen ari garen destino-eredua, proposamen berritzaile eta jasangarrietan oinarrituta eta betiere balioa emanda gure ondareari”. Era berean, Alzagak gogorarazi du Bidasoa Bizirikek Helmuga Turistiko Adimendunen saria irabazi zuela iaz, eta, adierazi duen gisa, “sari horrek agerian uzten du egiten ari den lana, eta Irugurutzetakoa bezalako proiektuak eredugarritzat jotzen ditu, ondare-baliabideak turismoa erakartzeko aukera bihurtzeko bide gisa”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude