Atzo, Ficoban, ehun pertsona inguru bildu ziren Irun Ekintzan berrikuntza sarien X. edizioko sariak banatzeko ekitaldian: Udaleko ordezkariak, epaimahaikideak eta hiriko ekintzaile eta enpresariak. Irungo Udaleko Hiri Bultzadako, Ekonomiako eta Ogasuneko Arloak antolatzen du Irun Ekintzan topaketa, urtero, hiriko enpresen talentu berritzailea eta sormena saritzeko.
A&B Shows enpresak argi robotekin egindako ikuskizun batek eman zion hasiera galari, eta, ondoren, Olga Grande aurkezleak ongietorria egin zien ekitaldian bildutako epaimahaiko adituei eta enpresa finalistei.
BIC Gipuzkoako Proiektuetako zuzendari Amaia Fernándezek Zerbitzu Enpresen Berrikuntzaren Saria eman zuen: BasQcream enpresako izozkigile Yon Gallardok 4.000 euro jaso zituen, “jasangarritasunarekin eta ekoizpen eta garapen prozesuetan soluzio teknologiko aurreratuak inplementatzearekin duen konpromiso irmoagatik”.
Irungo Udaleko Hiri Bultzadako, Ekonomiako eta Ogasuneko ordezkari Nuria Alzagak, berriz, Ideia Berritzailearentzako Saria banatu zuen: Aritz Aranburuk eta Eneko Zelaietak 2.000 euro jaso zituzten, Motion System – SHH Simulation SLU – Come Over SLU proiektuagatik. Simulagailuetan gidatzean inoiz ez bezalako esperientzia eskaintze aldera elementu mekaniko eta elektronikoak konbinatzen dituen mugimendu aurreratuko sistema batean datza proiektua, eta epaimahaiak “egitura sendoa, aliantza eta indarguneak eta ekosistema ekintzaile eta berritzailearekiko lotura” saritu zituen.
Azkenik, Ohorezko Saria Algon Estructuras Metálicas para Muebles SL enpresak jaso zuen, Udalak joan den astelehenean iragarri zuenez: Irungo alkate Cristina Labordak enpresako zuzendari nagusi Diego Badiolari eman zion.
Alkateak saridunak zoriondu, eta, bidez batez, azpimarratu zuen zer garrantzitsua izan den Udalak eta Bidasoa bizirik-ek sarien hamar edizioetan elkarrekin eta elkarlanean hiriko enpresen lehiakortasunaren eta berrikuntzaren alde egin duten lan anbiziotsua. “Hamar edizio hauetan, gauza bat argi geratu da: berrikuntza ez da metropoli handien kontua bakarrik, ezta enpresa handiena, eta, batzuetan, ez du aurrekontu handirik eskatzen. Berrikuntza pertsonen jarrera eta talentutik sortzen da, eta talentua lanerako jartzeko gaitasunetik”, argitu zuen.
Horren adierazgarri, hamar urte hauetan saritutako enpresek, “beren izaera eta antzeari esker, hiriko enpresa berritzaileen sarea aberasten lagundu dute, eta Irun enpresak erakartzen dituen gune bilakatzen, beren jardunaren egoitzatzat hiria aukeratu baitute”, erantsi du Alkateak.



