Cristina Laborda Irungo alkatea eta Iñigo Berges Udaleko Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkaria Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuarekin bildu dir gaur goizean. Lan-bilera horretan Ertzaintzak eta Irungo Udaltzaingoak 2025ean bildutako datu estatistikoak aztertu dituzte. Datuen arabera, Irun EAEko hirugarren udalerria da mila biztanleko delinkuentzia-tasari dagokionez, Bilboren eta Donostiaren atzetik.
Udalerrian emandako hiru hilketek eta etxebizitzetako eta espazio itxietako lapurretek gora egin izanak eragin negatiboa izan dute aurreko urtean bildutako datuetan. Iruzurren gorakada ere nabarmendu behar da, bai aurrez aurrekoak, bai online egindakoak. Aitzitik, lesioengatiko delituen, sexu-erasoen edo segurtasun kolektiboaren aurkako delituen beherakada nabarmendu beharra dago. Sailburuak eta alkateak bat egin dute zifra horiengatik duten kezkarekin.
Cristina Labordak zuzenean eskatu dio sailburuari, aurretik hainbatetan publikoki esan duen moduan, hiriko polizia kopurua handitu behar dela, batik bat Irungo errealitatea zeharo baldintzatzen duen muga efektua kontuan izanik. Alkateak nabarmendu du mugan bertan egotea faktore erabakigarria dela herritarren segurtasunari dagokionez, legedia ez delako berbera mugaren bi aldeetan eta, kasu batzuetan, barkaberagoa ere bada alde batean, bestearen aldean. Horri beste faktore batzuk ere gehitu behar zaizkio, hala nola pertsona eta ibilgailuen eguneroko joan-etorriak, trafiko-operazio bereziak, nazioarteko garraioa eta merkataritzari eta turismoari lotutako mugikortasuna, baita delinkuentzia ibiltaria delakoa ere.
Segurtasuneko sailburuak, bestalde, azpimarratu du oso garrantzitsua dela Polizia Nazionalak gehiago inplikatzea mugaren kontrolean, eta Espainiako Gobernuak eta Justiziak konpromiso handiagoa hartu behar dutela delinkuentziak eragindako arazoei aurre egiteko beharrezkoak diren erreformei ekiteko.
Polizien arteko lankidetza
Testuinguru horretan, alkateak gogora ekarri du Irungo Udalak abian dituela Udaltzaingoa indartzeko lanak, datozen bi urteetan 15 agente gehiago sartuko baitira polizia-indar horretan. Neurri horri esker, Udaltzaingoaren gaitasun operatiboa handituko da, eta bide publikoan polizien presentzia areagotuko da.
Gainera, alkateak eskerrak eman dizkio sailburuari, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzagatik. Bereziki aipagarriak dira sanmartzialetan eta Gabonetan abian jarritako plan bereziak, oso emaitza positiboak izan baitituzte, plan horiek gertaera berezietan jarraitzeko eskaera egiteaz gain sailburuari.
Bileran, poliziaren lankidetza indartzearen garrantzia azpimarratu dute, esaterako irudiak, datu pertsonalak eta hatz-markak jasota atxilotuak identifikatzeko aukera ematen duen Morphobis sistema berriaren bidez. Sistema horrek erraztu egiten du Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarri informazioa pasatzea. Gainera, udaltzainek Ertzaintzaren fitxategietara sartzeko aukera izango dute bide publikoan egiten dituzten esku-hartzeetan, tableta elektronikoak txertatuta dakarren hatz-marken irakurgailuaren bidez. Hirian abian jarriko den berritasun teknologiko horrek poliziaren eraginkortasuna eta herritarren segurtasun hobetzen lagunduko du.
Basque Segurtasun Foroa Irunen
Bileran iragarri dutenez, otsailaren 18an Irunen egingo da Bidasoaldeko Basque Segurtasun Foroa, erakundeen arteko enkontrurako eta koordinaziorako espazioa, segurtasun-politikei elkarrekin ekiteko.
Basque Segurtasun Foroaren topaketetan, parte hartzeko dinamika batzuen bidez, parte-hartzaileen ekarpenak jasotzen dira, erakundeen eta agenteen arteko koordinazioa indartzeko eta egungo eta biharko segurtasun-erronkei elkarrekin erantzuteko. Askotariko gaiak lantzen dira, hala nola larrialdien kudeaketa, klima-aldaketaren eragina, herritarren segurtasuna, ziberdelinkuentzia, emakumeen kontrako indarkeria, droga-trafikoa eta -kontsumoa, etab.
Bidasoaldeko Basque Segurtasun Foroan parte hartuko dute eskualdeko segurtasunarekin eta bizikidetzarekin lotutako erakunde eta gizarte-eragileen ordezkari ugarik. Erakundeek, Ertzaintzak, Irungo eta Hondarribiko Udaltzaingoek ordezkariak bidaliko dituzte, eta esparru judizial eta sozialeko eta hezkuntzako profesionalak ere han izango dira. Foroan parte hartuko dute, halaber, eragile ekonomikoek, erakunde sozial eta kulturalek edota kirol- eta auzo-elkarteek, guztiak ere gaia ikuspegi integral betekin lantzeko asmoz.



