Luisa Etxenike idazleak hitzaldia emango du datorren asteazkenean Oiasso Museoan

Luisa Etxenike donostiar idazleak hitzaldi bat eskainiko du Oiasso museoan datorren asteazkenean, hilak 25, arratsaldeko 19:00etan. «Marguerite Yourcenarren Hadrianoren memoriak: bizitza idazketan; idazketa bizitzan» izango da izenburua. Saioa Ostegunetan Oiassora hitzaldi zikloaren parte da, oraingoan, salbuespenez, hitzordua asteazken batean bada ere.  Sarrera doakoa da, toki guztiak bete arte.

Hitzaldiaren muina Hadriano erromatar enperadorea izango da eta, bide horretatik, Etxenikek Hadrianoren memoriak idazteko Marguerite Yourcenarren sormen-prozesu sakon eta luzea aztertuko du, XX. mendeko eleberri historiko handienetako bat baita.

Enperadorean bizitza ezin berezi eta konplexuagoa izan zen, eta gauza bera esan liteke obra sortzeko prozesuaz. Yourcenarrek hamarkadak eman zituen proiektua ontzen, 1924an Hadrianoren villa lehen aldiz bisitatu zuenetik harik eta 1951. urtean eleberria argitaratu zen arte. Hitzaldian, orpoz orpo jorratuko dituzte ibilbide historiko eta literarioa, eta bizi-esperientziaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz hausnartuko.

Beste hitzaldiak

Zikoaren barruan, beste hitzaldi batzuk ere antolatuko dira, arkeologiako eta historiako zenbait aditurekin, hala nola Iñaki García Camino, Cristina Ubani eta María José Noain. Horrela, iraganari buruzko jakintzaren erreferentziazko espazio gisa indartuko da Oiasso museoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude