Irungo Euskal Jira Batzordeak iragarri du ezin izango duela 2026ko edizioa antolatu, elkarteak bizi duen egoera ekonomiko larria dela eta. Antolatzaileen esanetan, azken urteetako gertaerek, hala nola pandemiak (2020-2021) eta 2023ko edizioko eguraldi txarrak, diru-sarrerak nabarmen murriztu dituzte, txosna baitzen haien finantzaketa iturri nagusia. Gainera, 2025eko edizioak defizita sortu duela jakinarazi dute, eta horrek aurreko zorrei aurre egiteko ahalegin guztiak bideratzera behartu ditu, 2026ko antolakuntza alde batera utzita.
Elkarteak Irungo Udalaren jarrera kritikatu du, dirulaguntza izendunak ezartzen dituen baldintzak gero eta zorrotzagoak direla azpimarratuz. Batzordeko kideen ustez, Udalak ez du boluntarioak babesteko “mekanismo legalik” eskaini balizko galerak bere gain hartzeko, eta horrek kideen poltsikoak arriskuan jartzen dituela salatu dute. Antolatzaileen hitzetan, garai batean Udalak ematen zuen babes ekonomikoa “orain ez omen da zilegi”, hiriko kultura-ondarearen erantzukizun osoa boluntarioen gain utziz.
Udalaren erantzuna: 2026ko edizioa bermatuta
Gai honen aurrean, Irungo Udalak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei eta 2026ko Euskal Jira bere gain hartuko duela ziurtatu du. Udalak harridura agertu du Batzordeak publikoki agertu dituen zalantzen aurrean; izan ere, erakundearen arabera, aldez aurretik ezagutzen zuten egoera eta bileretan argi utzi zioten elkarteari Udala prest zegoela antolaketa zuzenean bere gain hartzeko. Udalak horrela, euskal kulturarekin eta tradizioekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du.
Egoera berri honekin, Udalak adierazi du inplikatutako eragile guztien laguntza izaten jarraitu nahi duela desfilearen eta jardueren diseinuan. Bere aldetik, Euskal Jira Batzordeak dei egin die herritarrei eta enpresei boluntario gisa edo laguntzaile gisa parte har dezaten, eta Udalari lankidetza-ildo berri bat ezartzeko eskatu dio, elkarteak etorkizuneko edizioetan parte hartu ahal izan dezan. Udala, amaitzeko, eskertuta agertu da elkarteak urte hauetan guztietan egindako lanagatik.



