45. Irungo Euskal Jiraren balorazio oso positiboa egin dute behin aldaketa handien urtea igarota

45. Euskal Jiraren igarota, aurtengo edizioaren balorazio oso positiboa egin dute Irungo Udalak eta jiraren antolakuntza batzordeak. Aurten txertatutako aldaketen ostean herritarren parte-hartzea mantendu dela adierazi dute aurreko edizioekin alderatuta. Ostiralean hasi ziren familientzako lehen jarduerak, eta giro ona nagusitu da hirian hiru egunez. Batik bat larunbatean gurdien desfilea aurreratzea eta herri bazkaria berreskuratzea harrera ona izan dutela azpimarratu dute.

Hori dela eta, Irungo Udalak zuzenean zoriondu ditu Euskal Jiraren antolatzaileak, hartutako erabakiak egokiak izan direlako, baita egindako esfortzu handia eskertzeko ere. «Euskal Jirak hazten jarraitzea zen gure helburua, eta lortu egin dugu» esan du Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak, eta eskerrak eman dizkie «elkarteei, kolektiboei eta herritarrei, erakutsitako inplikazioagatik, haiei esker egin ahal izan baita Irungo abuztuko ezinbesteko hitzorduetako bat». Ordezkariaren hitzetan, «aurten sartu diren aldaketek jaia bizirik mantentzeko xedea dute, hiriarekin eta irundarrekin konektatuta egoten jarrai dezan».

Aurtengo edizioko desfilean bederatzi gurdik hartu dute parte −iaz baino bat gehiago−, dantzariekin, trikitilariekin, txistulariekin, bertsolariekin eta kultur eragileekin batera. Gainera, goizean egindako ibilbidea ikuslez lepo zegoen. Goizean freskoago egoten da eta familia-giroa zen nagusi eta, horri esker, desfilea oso baldintza onetan egin zen. Halaxe uste dute hala parte-hartzaileek nola ikustera bertaratu zirenek.

Beste une gogoangarri bat berreskuratutako herri bazkaria izan zen, ia 600 lagun bildu baitziren Santiagoko frontoira, mahai inguruan jai-giroan bazkaltzera. «Euskal Jiraren ezaugarri da komunitate espiritua, eta hori indartzeko grina bizia genuen. Bazkariari esker, horixe bera lortu dugu» adierazi du Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak. «Garrantzitsua zen jaiaren alderdi parte-hartzailea eta herrikoia sustatzea, eta gure ustez edizio honetan balio horiek agerian jarri dira bazkariarekin eta beste jarduera batzuekin».

Iñaki Olazabal Euskal Jiraren presidentearen hitzetan, «aurten, desfileko partaideen, bertaratutakoen eta elkarte antolatzaileen artean, azken urteetako ediziorik hunkigarrienetako bat egitea lortu da. Ilusio berezia egiten digu belaunaldi gazteenek gogo biziz bat egiten dutela ikusteak, horrela jaiaren erreleboa eta jarraipena ziurtatuz. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, udal brigadari eta Udaltzaingoari, eman diguten laguntzagatik».

Asteburu guztian, hirian programazio paralelo bat antolatu da, eta horrek jai-giroa areagotu du:  artisauen azoka, haurrentzako jarduerak, kontzertuak, herri kirolak, dantzak eta kalejira. Guztietan ere protagonismo berezia izan dute tokiko kultur elkarteek. Proposamen horiei guztiei esker, igandeko Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa gehituta ere, Euskal Jira formatu anitzeko ospakizuna izan da, publiko guztientzako irekia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude