2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa Irunen jokatu daiteke

Gaur goizean, Pariseko Maison du Handball aretoan, Espainiako hautagaitza 2029ko emakumezkoen eskubaloiko munduko txapelketaren antolatzaile ofiziala izendatzeko bozketa egin da. Bertan izan dira, besteak beste, Irungo alkatea, Kiroletako diputatua eta Bidasoako presidentea, Espainiaren proposamena babesteko

Behin Txapelketaren antolatzailea izendatuta, litekeena da Irun egoitzetako bat izatea, Galizia, Málaga eta Valentziarekin batera, hiri horiek ere Espainiako Eskubaloi Federazioak aurkeztu duen proiektuaren parte baitira.

Cristina Laborda alkatearen esanetan, “dudarik gabe”, Irun ezin aproposagoa da Txapelketaren egoitzetako bat izateko: “batetik, Espainiako Eskubaloi Federazioaren babesa dugu, funtsezkoa bera, eta, horren adierazgarri, Federazioak gure hiria eta IAM pabilioia aurkeztu ditu proiektuaren barruan; bestetik, gure mugaz gaindiko kokapena eta komunikazio sarea indarguneak dira”. Hortaz, IAM kirol pabilioi berriaren mendean egongo da dena. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein CD Bidasoak alde egin dute, eta, orain, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren babesa bilatzeko garaia da. Azken batean, Euskadi Munduko Txapelketaren egoitza izatea dago jokoan”.

IAM pabilioia

Irunek kirol pabilioi berri bat izateko aukera gero eta errealagoa da. Espainia Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketaren antolatzailea izatea proiektuari bultzada emateko aukera paregabea da, eta Udala irmo lan egiten ari da, gauzatu dadin. Aste honetan bertan, martxan jarri da pabilioia eraikitzeko bide emango duen hirigintza prozesua, eta, hurrengo kreditu aldaketaren esparruan, Udal Gobernua urte anitzeko kontu sail bat onartzekoa da, agintaldi honetan bertan lanean hasteko. Aldi berean, gainontzeko erakundeek (Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak) dagozkien finantzaketa konpromisoak har ditzaten lan egiten ari da Udala, haien babesa ezinbestekoa baita aurrera eramateko proiektu hau, zeina Gipuzkoa eta Euskadirentzat mugarri izango den dudarik gabe. Horrela, Laborda harro eta itxaropentsu zegoen: “Ziur nago Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak proiektu honen garrantzia aitortuko dutela eta 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa Irunen joka dadin babestuko dutela, baita pabiloi berria eraiki dadin ere, kirolarekin eta, bereziki, emakumezkoen kirolarekin konprometituta dauden adierazgarri”.

Oinarrizkoa da pabiloi berria eraikitzea, eta horretarako beste arrazoi bat CD Bidasoarekin lotuta dago zuzenean, hari esker Europa mailako txapelketak Irunen jokatzea berma bailiteke. Azken batean, gaur egun, kolokan dago aukera hori, alkateak azaldu duenez: “pabiloi berriari esker, taldeak, zaleek eta hiri osoak eskubaloiaz etxean gozatzen jarraitu lezakete, eta, akaso, berriro ere Europako Kopa irabazi, auskalo”.

Azkenik, C.D.Bidasoako Presidente, Gurutz Aginagaldek  adierazi du, ” pabilioi berri hau Europan lehiatzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzeko ez ezik,  proiektua sendotzeko eta Europako onenen artean egon ahal izateko ere ezinbestekoa da “.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude