Irun prest dago bihar Opilaren Eguna ospatzeko

Irun urteko egun berezienetako baten atarian dago: San Marko egunean ospatzen den Opila Eguna. Irungo Udalak segurtasun eta prebentzio operatibo zabala prestatu du biharko, apirilak 25, Opilaren Eguneko ospakizunak direla eta. Gizarte Ongizate eta Mugikortasun Jasangarriko arloek eta Udaltzaingoak koordinatzen dute programa, jaiegunaren testuinguruan alkohol eta droga kontsumoa gutxitzea eta garraio publikoa sustatzea helburu.

Tradizioari jarraituz, Irungo parrokia eta eliza ezberdinek opilak bedeinkatzeko ordutegiak finkatu dituzte larunbat goizerako. Hauek dira ordu nagusiak: Familia Santua parrokian 10:30ean; Arantzazuko Ama Birjina (Kateala), Artigako Kristo Santua (Artia), Junkaleko Andre Maria (eguraldi ona bada, plazatxoan egingo da), San Joan Bataiatzailea (Anaka), San Gabriel eta Santa Gema (Pasionistak) eta Pentekoste (Belaskoenea) parrokia guztietan 11:00etan; Bihotz Sakratua (Behobia) parrokian 11:15ean; eta, azkenik, San Martzial ermitan zein San Jose Langilea (Larreaundi) parrokian 12:00etan.

Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren prebentzio lana

Prebentzio-protokoloa goizeko 10:00etan aktibatuko da eta 20:00ak arte luzatuko da. Udaltzaingoaren zerbitzua goizean bertan jarriko da martxan: patruila bat bidaliko da San Martzialera, eremu hura zaintzeko bertan egitekoa den erromerian. Gainera, ostiraleko autobus-zerbitzu bereziaren geltokietan, agenteek kontrolak egingo dituzte adingabeek erositako edari alkoholdun botilak kentzeko helburuarekin.

Udaltzaingoaren zeregin nagusiak istiluak saihestea, San Martzialera doan jende kopurua kontrolatzea, adingabeei alkoholik ez saltzea bermatzea eta bide publikoan zehar zein ikastetxeetan adingabeek edaten ez dutela kontrolatzea izango dira. Bestalde, Babes Zibila presente egongo da pertsona gehien dabilen eremuetan, Udaltzaingoarekin koordinatuta une oro, eta aparkalekuaren kudeaketaz arduratuko da San Martzialen, Blaia udal-hilerrian eta Ibarla eremuan. Udaltzainek, aldez aurretik, herritarren laguntza eskertu dute.

Gizarte Ongizate arloak edari alkoholdunen kontsumo arduratsua izango du lan-ildo nagusitzat. Horretarako, «Jarri frenoa alkoholari. Guztion ardura da» kanpaina sortu dute. Udalak gogorarazi du guztiz debekatuta dagoela adingabeek alkohola edatea, baita haiei alkohola saltzea ere. Arau hauek gizarte osoari zuzentzen zaizkio, prebentzioa guztion erantzukizuna dela azpimarratuz.

Doako autobus zerbitzua

Mugikortasun Jasangarriko arloak, aurreko urteetan bezala, doako autobus-zerbitzu berezi bat antolatu du San Marko egunerako. Zerbitzuaren xedea garraio publikoaren erabilera sustatzea, aukera erosoagoa eskaintzea eta ibilgailu partikularren zein motorren zirkulazioa murriztea da. Autobusa doakoa da eta herritar guztiei zuzendua dago, batik bat gazte eta nerabeei, zelaietara errazago igo daitezen. Zerbitzuak egun osoan funtzionatuko du, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, ordu erdian behin.

San Martzialeko linea, Hondarribia kalean irteera izango du, eta ondoren Colón pasealekua, Nafarroa hiribidea eta Artia ibilbidea zeharkatuko ditu San Martzial mendira iritsi arte. Bidaiariak hiriko autobusaren lineako geltoki guztietan jaso ahal izango dira.

Guadalupeko linea berriz, Dunboako anbulatorioan irteera izango du, eta Nafarroa hiribidea, Colón pasealekua, Hondarribia kalea eta Pinudia igaroko ditu Guadaluperaino iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude