Susana Ferreirak Aduana Zaharreko oroimena eta eraldaketa erakutsiko ditu Menchu Gal aretoan

Susana Ferreira artista eta arkitekto irundarrak “Aduana Zaharra” erakusketa aurkeztuko du datorren ostegunean, maiatzak 14, Menchu Gal erakusketa aretoan. 19:00etan inauguratuko den bilduma honek 32 pieza biltzen ditu, guztiak hiriko eraikin esanguratsu horretan oinarrituak. Ferreirak, bere arkitekto begirada baliatuz, espazio horiek oroimena nola gordetzen duten aztertzen du, argiarekin, geometriarekin eta denborak utzitako orbainekin jolastuz. Erakusketa uztailaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Cristina Laborda alkateak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak gaur goizean aurkeztu dute erakusketa artistarekin batera. Labordak azpimarratu du Ferreiraren lanak lotura berezia duela Irun bizi ari den eraldaketa prozesuarekin, memoriaz betetako espazioek hiriaren orainaz eta etorkizunaz ere hitz egiten baitute. Menchu Gal aretoak, bide batez, tokiko talentua eta emakume artisten ikusgarritasuna sustatzeko duen konpromisoa berretsi du ekimen honekin.

Susana Ferreira

Susana Ferreira (Irun, 1976) ibilbide luzeko margolaria da, eta bere lanak Donostian, Gasteizen edota Erroman erakutsi ditu. Erakusketa osatzeko, bisita gidatuak antolatu dira maiatzaren 17an (12:00etan) eta 30ean (18:30ean). Aretoa asteburuetan egongo da zabalik: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Aurrerago, artistarekin solasaldiak eta familia-tailerrak ere egingo direla iragarri du Udalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude