Datorren maiatzaren 22an, ostirala, Irugurutzetako labeen interpretazio-zentro berria eta birgaitutako ingurunea inauguratuko ditu Irungo Udalak. Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, proiektu honek NextGenerationEU funtsen finantzaketa jaso du eta hiriko ondare historikoa berreskuratzeko estrategiaren barnean kokatzen da. Guztira 2 milioi euroko inbertsioa egin da labeak goitik behera birgaitzeko eta meatzaritzaren zein industriaren historia ezagutarazteko gunea egokitzeko.
Interpretazio-zentroa mea biltegiratzeko silo zahar batean dago eta bost erakusketa-gune ditu. Bertan, elementu fisikoak, grafikoak eta baliabide teknologikoak uztartzen dira esperientzia berritzailea eskaintzeko. Gainera, irisgarritasuna bermatzeko igogailu bat instalatu da eta edukiak lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) egongo dira eskuragarri.
Inaugurazioaren asteburuan bisita doakoa izango da herritar guztientzat. Asteburuan zehar zentroak ordutegi hau izango du: ostiralean, maiatzak 22, 16:00etatik 19:00etara, larunbatean, maiatzaren 23an,11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igandea, maiatzaren 24an, 11:00etatik 14:00etara.
Meategi-gunera igotzeko Tren Txikitoa hartzeko aukera egongo da, eta erreserbak ostiraletik aurrera egin ahal izango dira Oiasso museoaren webgunean. Laster argitaratuko da adin guztientzako prestatu den programazio berezi osoa.



